Lehenengo saioan, urriaren 23an, asteartean, Bilboko Kantu Txapelketako irabazleen errezitaldiaz gozatzeko aukera izango du publikoak. Poloniako Alexandra Chacinska soprano gazte eta Andeka Gorrotxategi tenor gaztea jardungo dira bertan eta Beethoven, Haydn, Schubert eta Falla musikagileen piezak abestuko dituzte, besteak beste. Oraingo honetan Itziar Barredo piano-jole bilbotarra lagunduko die.
Biharamunean, urriak 24, Angeles Tey soprano madrildarrak eta Bernardo Garcia Huidobro gitarra-jole txiletarrak osatutako bikotearen txanda izango da. Tey 1992. urtean egin zuen debuta Jose de Nebraren “Viento es la dicha del amor” zartzuelan eta, ordutik hona, hainbat antzerki eta operatan parte hartu du, bai Espainian bai nazioartean. Gainera, errezitaldiak ez ditu baztertu eta sarritan aritzen da Espainiako, Frantziako, Ingalaterrako eta Alemaniako (lied) abestiekin. Bestalde, Garcia Huidobrok hainbat kontzertu eta saiotan eskaintzen ditu urtez urte eta Madrilgo Ferraz kontserbatorioan aritzen da irakasle. Gainera, gitarra-musikarako ziklo integraletan parte hartzen du.
Txirula eta orkestra
Asteazkenean, berriz, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko txirula taldeak hartuko du lekukoa. Talde horrek, Mario Clavell Larrinaga irakasleak zuzenduta, honako helburu hau du: ikastegiko ikasleen lana xede akademikotik haratago bultzatzea eta, aldi berean, musikari gazteei zirkuitu profesionaletan parte hartzeko aukera ematea. Taldearen errepertorioak hainbat jenero eta estilo uztartzen ditu eta, bai musika klasikoa, bai gaur egungo doinuak biltzen ditu.
Ostiralean, urriak 26, euskal orkestra nagusietako bat jardungo da Redentor elizan: Bilbao Orkestra Sinfonikoa, hain zuzen ere. Algortan eskainiko duen kontzertuan Mihnea Ignat errumaniarra izango du gonbidatutako zuzendaria eta, gainera, Hego Koreako Je Hye Lee biolin-jolea ere parte hartuko du saio horretan.
Talentu berriak
Azkenik, urriaren 27an, larunbatean, zikloa amaitzeko, “Talentu Berriak” ataleko saioa egingo da. Aurten, Susana Cerro sopranoa, Marcelo Aguilar baritonoa eta Asier Vallejo Ugarte piano-jolea arituko dira. Hiru artista hauek bat egin zuten, bakarka ibilbide musikal sendoak garatu izan ostean, gure mugen barruan eta haietatik kanpo. Ordudanik harremana estutu dute maiz aritzen dira batera.