Ehunaka eta ehunaka pertsonek, gehienak gazteak, Telletxe plaza hartu dute gaur iluntzean, goizeko ordu txikietan
atxilotutako sei lagunen askatasuna aldarrikatzeko. Bertan bildutako mila bat auzokide manifestazioa egiten saiatu da baina 50 bat metro egin ondoren, Ertzaintzako 20 bat poliziek bidea moztu diete, antza Baltasar Garzonek erabakitako debekua betearazten. Azken bolada honetan egindako protestarik handiena, baina, ez da hor gelditu eta ertzain-buruarekin negoziatu ostean, manifestazioan zihoazenak Telletxe eta Algortako etorbidearen gurutzeko espaloi guztietan elkarretaratzea burutu dute, lanegunetan Etxeratek egiten duen kontzentraziora gehituz. Ertzaintza uneoro zelatatzen izan dutela, auzokideek Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora"ren askatasuna aldarrikatu eta torturaren, Espainiako Poliziaren, EAJren eta Ertzaintzaren aurkako leloak oihukatu dituzte. 20:30ean, Etxeraten kontzentrazioaren baimena bukatu den orduan, disolbatu da elkarretaratzea. Ertzaintzak bi pertsona identifikatu ditu eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek Algortako Telletxen egunero 20:00etan mobilizatzera deitu dute, atxilotuen inkomunikazioa altxatu arte. Argazkian, ertzain bat pilota-jaurtigailua kargatzen manifestazioa gelditzean.