Udazkeneko irratsaioak aurkeztu ditu Koska irratiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 18a, 18:20

Koska irratia Uribe Kostako irrati libreak asteartean aurkeztu zuen Gabonak bitartean izango duen programazioa. FMko 108.0 dialeko parrillan irail osoan lan egin dute Koskako kideek irratsaio ezberdinak lotuz. Eskaintza zabala da eta bertan ekoiztutako espazioak dira gehiengoa, nahiz eta Info 7 irratiari, MusikHerria diskoetxeari eta Gaztesareari hainbat leku utzi. Era berean, euskarak inoiz baino tarte gehien dauka Koskaren uhinetan. Bestalde, aipagarriak dira aurrerantzean izango diren nobedadeak: "Malenbe", "Flashbak", "Quark", "Astekaria", "Oinak errez", "The Post-Man" eta "Presoak S.O.S." dira estrenatu diren saio berriak. Ohikoak bihurtu diren batzuk ere uhinetan jarraituko dute, esate baterako, "Goizero, goizero" magazina, zutabelari berriekin, "Munduko Sustraiak", "Asesino el Rock&Roll", "Ziripot kontu kontari" edota Txorimaloko kideek egiten duten "Gazte Uhinak". Iaz Algortako Bertsolari Eskolak abiatutako "Bertsoko" irratsaioa ere antenan jarraituko du. Dena den, Koskako kideek onartzen dute "Oraindik hutsuneak daudela" eta irratsaioren bat egin nahi duena animatzen dute haiekin harremanetan jartzera koskairratia@koskairratia.com posta elektronikoaren bidez.

Koska irratiaren udazkeneko programazio berria:

- "Kalegorrian": Info 7 irratiaren magazinarekin konexioa, astelehenetik ostiralera, goizeko 8etatik 10ak arte. Goizeko 8etako eta 9etako Info 7ko albistegi euskaldunak barneratzen ditu.

- "Goizero, goizero": Koska irratiaren magazina, astelehenetik ostiralera, gozieko 10etatik 12etara. Hainbat saio txikiak tartean, Euskal Herriko zein Uribe Kostako gertakarien berri ematen du.

- "Albistegia": Astelehenetik ostiralera entzun daiteke eguerdiko ordu batak jo ondoren.

- "Ziripot kontu kontari": Ziripot izeneko pertsonai mitologikoaren bidez, esaera zaharrak eta Euskal Herriko zein munduko edozein lekutako kondairak, kontakizun berriak eta ipuin tradizionalak haurrei zein helduei kontatzen dizkiete ordu laurden duen irratsaio honetan. Astelehenetik asteazkenera 19:30ak eta 19:45ak bitartean entzun daiteke.

- "The Post-Man": postaria lez, diskoa eta liburu banarekin etorriko da astelehenero gaueko 9etatik 10etara, musika esperimentala eta idazle ezberdinak jorratuko dituela.

- "Quark": asteartero eta ostegunero arratsaldeko 6etan hasiko den ordu erdiko irratsaioa. Koska irratiak ez du oraingoz saioaren inguruko informazioa zabaldu baina gaur bertan FMko 108.0 dialean entzun ahal izango denez, zuk zeuk dastatu.

- "Bertsoko": Algortako Bertsolari Eskolako gazteek ekoiztutako irratsaioa non bertsolaritza, musika eta umorea uztartzen diren. Asteartero 20:00etatik 21:00etara.

- "Gazte Uhinak": Getxoko Txorimalo gaztetxeko kideak "uhinak iraultzera" datoz astearte gauero, 22:00etatik 23:00etara. Bertan gazteek pairatzen dituzten problematika ezberdinen inguruko berriak eta elkarrizketak lantzen dituzte.

- "Resumen Latinoamericano": Internazionalismoa, berriak, elkarrizketak eta Hego Amerikan entzuten den musika, asteazkenero, 20:00etatik 22:00etara.

- "Irauli Uhinak": Gaztesareak ekoiztutako irratsaio honek gazte informazioa du ardatz, baina sexuaren inguruko zalantzek ere izango dute tokia, sortzaile gazteekin batera. Asteazkenero 22:00etatik 23:00etara eta larunbatero eguerdiko 12etatik 1etara entzun daiteke.

- "Munduko Sustraiak": folk musika zabaldu, mestizaiaren doinu berriak ezagutarazi eta kalitatezko estilo musikal zaharrak berreskuratu nahi duen saio honetan, efemeride herritarrak, idazkien irakurketak eta bidaiarien txokoa topatu daitezke, ostegunero arratsaldeko 8etatik 9:30era.

- "Presoak S.O.S.": presoen inguruko albistegi berezia da. Bertan, albisteak, gatibu-uhinak, inkesta, elkarrizketak eta abar entzun daitezke ostegunero 22:00etatik 23:00etara.

- "Musikgerrila": MusikHerria herri diskoetxearen proiektu honetan asteko albisteak, musikariei elkarrizketak, "Copy is right" jabego intelektualari buruzko atala eta eszenarioen atzealdeko zirrikitu ezkutuak argitara aterako dituen "Musikakota" atala eta astebururako agneda biltzen dira, ostiralero 16:00etatik 17:00etara.

- "Flashbak": ostiralero arratsaldeko 6etatik 7etara entzun daiteke irratsaio hau. Koska irratiak ez du oraingoz saioaren inguruko informazioa zabaldu baina FMko 108.0 dialean entzun ahal izango denez, zuk zeuk dastatu.

- "Malenbe": ostiralero gaueko 10etatik 11etara eta larunbatero eguerdiko 12etatik 1etara entzun daiteke irratsaio hau. Koska irratiak ez du oraingoz saioaren inguruko informazioa zabaldu, hortaz, zuk zeuk dastatu.

- "Astekaria": larunbatero arratsaldeko 2etatik 2:30era entzun daitekeen saioa. Koska irratiak ez du oraingoz saioaren inguruko informazioa zabaldu, hortaz, zuk zeuk dastatu.

- "Asesino el Rock&Roll": Larunbatero 15:00etatik 17:00etara, rock and roll, punk rock eta garaje musika entzuteko aukera. Gonbidatuak, elkarrizketak, agenda eta "musikarik hoberena" izango dira bertan.

- "Oinak errez": igandeetako saio bakarra entzun daiteke arratsaldeko 15:30etik 16:30era. Koska irratiak ez du oraingoz saioaren inguruko informazioa zabaldu, hortaz, zuk zeuk dastatu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun