Lekualdatuen eta ahaztutako gerrakoen errealitate gordina ekarri dute eskualdera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 18a, 19:38

Gaur aurkeztu eta igandera arte, urriak 21, lekualdatuen hil ala biziko egoerari buruzko “Zure bizitzaren 15 minutu gurea ulertzeko” izeneko erakusketa ikusi ahal izango da Algortako San Nikolas plazan. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak erakusketa honen bidez bisitariei 15 minututan misioko lehen egunean taldeko “langile baten azalean” jartzeko aukera ematen die eta larrialdienetan sor daitezkeen egoerak bizitzeko ere. Bestalde, Plentziako Goñi Portal kultur etxean "Crisis Olvidadas: Vidas Ignoradas" izeneko argazki-erakusketa ikus daiteke urriaren 30era arte. Kasu honetan, Mugarik Gabeko Medikuek hedabideetan eta politikarien agendetan ia lekurik ez daukaten gatazka eta gaixotasunen lekukotasuna eman nahi izan dute. Argazkietan, Somalia, Txetxenia, Kongoko Errepublika Demokratikoa edota Chagas-en gaixotasuna agertzen dira. Argazkian, MGMko Alma Saavedra eta Imanol Landa Getxoko alkatea lekualdatuen kanpamendu baten sarrerako irudi baten ondoan.

Algortako erakusketa

Udalak eta herritarrek elkartasunaren alde egiten duten apustua eta getxoztarrek lankidetza arloan ematen duten erantzuna nabarmendu ondoren, Imanol Landa Getxoko alkateak gaur aurkeztu duten erakusketaren garrantzia azpimarratu du “munduan dauden 24,5 milioi lekualdatuek bizi duten egoera larria eta laguntzeko Mugarik Gabeko Medikuak taldeak egiten duena ezagutzera ematen duelako”.

Erakusketa ibiltari hau Estatu Espainiarreko 24 hiritan baino ez da izango eta Alma Saavedra Mugarik Gabeko Medikuak taldeko ordezkariak aitortu duenez, Hego Euskal Herrian Getxo udalerria hautatu dute soilik horretarako, bertan duten bazkide kopuru garrantzitsuagatik, 800 lagun, zein Udalarekin orain arte izan dituzten harreman onengatik, tartean Peruko lurrikarak direla eta izan ziren hartu-emanak.

Saavedrak erakusketak sentsibilizatzeko duen helburua ere gogoratu du, lekualdatuak munduko ahaztuenetakoak direla gehituz. Gainera beren estatusari dagokionez, huts juridikoa dagoela esan du Nazio Batuen Erakundeak horiek babesteari edo laguntzeari ekiten dion agentziarik ez duelako, errefuxiatuekin gertatzen den bezala, horietaz ACNUR arduratzen baita. Hori dela eta, nazioarteko giza laguntzaren esku daude”. Era berean, "lekualdatuak babestu beharko lituzketen estatuak dira askotan lekualdaketen erantzuleak", gaineratu du Mugarik Gabeko Medikuak taldeko kideak.

Saavedrak nabarmendu du lau herrialderen egoera larria: Kolonbia, hiru milioi lekualdatuekin, Darfur (Sudan) 2 milioiekin, Uganda 1,5 milioiekin eta Kongoko Errepublika Demokratikoa milioi batekin. Horietan zein bestelakoetan, baina, gertaera bat konstante mantentzen da: umeek nutrizio ezaren eta hainbat gaixotasunen biktima nagusiak direla. Arrazoi horiek direla medio 15 urte baino gutxiagokoen artean bost milioi heriotza izaten dira urtero.

Metodologia

Plazan jarriko dituzten bi dendetara 11:00etatik 19:00etara hurbiltzen direnek rola bat barneratu ahal izango dute eta horrela sendagile, azpiegitura-hornitzaile edo erizain baten misioko lehen eguna bizi ahal izango dute, hainbat bideo, antzezpen baten eta Mugarik Gabeko Medikuak taldeko langileek bizi izandakoarekin egindako euskarazko edo gaztelerazko soinu banden bitartez. Hasieratik eszenografia (argiak, materialak eta proiektuetan erabilitako gauzak) bost gunetan izaten da eta horien bitartez bisitariak Afrika barruan bere etxea utzi behar izan dutenen, lekualdatuen kanpamendu batean sartzen dira honako egoera hauekin: babes tokiaren bilatzea, osasun arreta, ura banatzen den tokian dagoen mugimendua, elikatze zentroaren funtzionamendua eta kolera artatzeko zentroko osasun arreta.

Ibilbidea amaitu ondoren, bisitariak “topagunera” joan ahal izango dira eta han dinamizatzaile batzuek sortutako zalantzak eta galderak argituko dituzte eta iritziak batuko dituzte, sentsibilizazio eta informazio lanari jarraipena ematen. Beste ekitaldi batzuetan parte hartzeko aukera ere eskainiko du, tartean, zine forumak eta hitzaldiak, edo elkartearekin elkarlanean aritzeko erak erakutsi ere. Saavedrak jakitera eman dutenez, dagoeneko bazkideak direnekin elkarteaz eta elkartearen jardueraz iritzia ezagutzeko solasaldia izaten nahi dute, "ahal den heinean hobetzeko". Elkartearen aurrekontuaren %96a norbanakoen ekarpenek osatzen dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun