Tiroen artean Zigor Goikoetxea atxilotu du Espainiako Poliziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 18a, 23:50

Zigor Goikoetxea "Gorrion" Azkorri auzoko gazte getxoztarra eta Koska irratiaren kidea atxilotu du Espainiako Poliziak bere gurasoen etxean arratsaldean. Atxiloketaren unean hainbat tiro entzun dituzte auzokideek eta Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, poliziek egin dituzte tiroak Goikoetxea etxera hurbiltzean. Getxoko Udaltzaingoak gara.net-i adierazitakoaren arabera, Espainiako Poliziak hainbat tiro bota ditu atxilotuaren ustezko ihesaldia ekiditeko, Saratxaga ikastetxetik gertu. "Zehaztasun guztiak oraindik argi ez ba daude ere" errepresioaren aurkako erakundeak jakinarazi du Zigor Goikoetxea arratsaldeko 5etan joan da etxera eta bertan atxilotu dute bere zain zeuden poliziak, gutxienez dozena bat. Agenteek gaztea Atxurira eraman du bere neskalagunaren etxean egin duten erregistroan lekuko gisa erabiltzeko. Goikoetxearen bikotekideak zabaldu du gazteak zauriak zituela aurpegian. Ondoren, Azkorrira eraman dute bueltan gurasoen etxea miatzera, iluntzeko 19:45ean. Atxiloketa Baltasar Garzonek agindu du, atzo abiatutako operazioaren barruan. AAMk bere kezka agertu du Goikoetxea inkomunikatu dutelako, "eta, beraz, torturatua izateko arriskuan baitago". Horregatik, bestelako sei atxilotuekin edozer gerta ere, manifestazioa deitu dute biharko Algortako Telletxe plazan, 20:00etan.

Bilboko Atxuri auzoan eta Azkorrin egindako miaketetan poliziek hainbat orduz itxaron dute erregistroak egiteko, idazkari judiziala heldu arte. izan ere, atzo Askatasunak salatu zuen eskubide urraketetako bat izan zen hainbat miaketa behar den presentzia judizialik gabe egin zirela. Gaur berriz, Goikoetxearen gurasoak etxean erretenituta egon direla kritikatu du AAMk, etxetik irten ezinik eta telefonoa hartu ere ez dietela utzi. Goikoetxearen neskalagunak, berriz, idazkari judizialak agindua ekarri arte ez du etxeko atea zabaldu.

Era berean, AAMk salatu du Poliziak Goikoetxeari emandako tratua eta pertsona bat identifikatu duela eta ordu batez erretenituta izan duela Azkorrin, Goikoetxearen aurkako operatiboaren argazkiak ateratzen saiatu denean.

Koska irratiaren elkartasuna

Koska irratiak zabaldu du gaur arratsaldean gertatutakoaren berri eta Zigor Goikoetxea Koskaren kidea eta "Presoak S.O.S." irratsaioaren esatariaren atxiloketa salatu du. Bere elkartasuna adierazi dio "Gorrion"-i eta bere askatasuna aldarrikatu. Era berean, uhinetan salatu dute atxiloketa, "presoak S.O.S." irratsaioa mantenduz eta formatoa berezia emanez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun