Algortako Larrañazubi auzoko "zonalde menditsuan" Espainiako Poliziak zulo bat topatu duela zabaldu dute hainbat albiste-agentziek. "
El Correo Español"-ek jasotako bertsioaren arabera, arratsaldean Espainiako Poliziako agenteak Larrañazubira gerturatu dira, Josu Rodriguez "Nekora" atxilotua beraiekin eramaten zutela. Bizkaiko egunkariaren arabera, Rodriguez mutikoak gidatu ditu poliziak zuloraino. Bertan, ontziak, likido erregaiak eta bestelako etxe-tresnak topatu ei dituzte. Horiek "sabotajeak egiteko" zein "'molotov' koktelak egiteko" erabili dituztela adierazi du Poliziak. Gainera, iturri berberen arabera, zulotik metro batzuetara, sasi batzuen atzean "nahasketa esplosiboak" lortzeko oliontziak aurkitu omen dituzte. Iturri polizialekin jarraituz, Rodriguez izan da Informazio Komisaria Nagusitik irten den gazte bakarra.
Etengabe bitakoraren arabera, berriz, 19:30ean Algortako Redentor elizaren pareko lurraldean 30 bat polizia ibili da "sastraka artean zuloak egiten. Alde egin dutenean bizilagunek ikusi dute botilak eta bestelako material zaharrak utzi dituztela bertan". Bestalde, asteazkenean
atxilotutako sei kideak Garzonen aurretik bihar, ostirala, zein etzi pasa daitezkeela zabaldu dute iturri polizialetatik edaten duten hedabideek. Argazkian, atzo atxilotuen alde egindako mobilizazioaren irudi bat.