EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak eta Aisiatek Zamudioko parke teknologikoko langileen elkarteak Jakintzaren Bidea izeneko martxaren lehenengo edizioa antolatu dute igande honetarako, urriak 21. Ibilaldia goizeko 9:30ean hasiko da Leioa eta Erandioko campusean eta Zamudioko parke teknologikoan bukatuko da, 20 kilometro ibili ondoren. Dagoeneko ia 400 pertsonek eman dute izena ibilaldian parte hartzeko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, martxarekin Unibertsitatea eta Zamudioko parke teknologikoa sinbolikoki lotu nahi dituzte, bi erakundeen artean egon behar duen harremanaren isla adieraziz. Bestalde, jarduera fisiko osasungarria sustatu eta bi erakundeen inguruak ezagutaraztea ere bilatu dute. Ohizko garraio publikoaz gain, martxaren irteerara joateko eta helmugatik itzultzeko autobusak egongo dira: goizean, Astrabuduako metro geltokitik irteerara, 8:30etik 9etara. Ibilbidea bukatzean, berriz, helmugatik Zamudioko Euskotren geltokira izango dira autobusak, bertatik Bilbora joateko, zein Astrabuduako Metro geltokira, eskumaldera zein ezkerraldera abiazteko. Ibilbidean zehar eta martxaren bukaeran bizigarriak egongo dira. Argazkian, ibiladia iragartzeko erabilitako irudietako bat.