Erika Bilbaorentzat zortzi urteko zigor eskaera berretsi du fiskalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 19a, 16:29

Atzo amaitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean Erika Bilbao eta beste zortzi gazteren aurkako epaiketa, "'Zutabe'en auzia" bezala ezaguna dena. Amaierako txandan, fiskalak berretsi zuen auziperatu guztien aurka urriaren 3an eskatutako zigorrak. Egun horretan, Olga Sanchez fiskalak seina urteko zigor eskaerak aldatu eta batzuentzat talde armatuko ustezko kidetzagatik zortzina urte (Erika Bilbao, Ibon Goitia, Iker Legarra eta Mikeldi Zenigaonandiarentzat) eta besteentzat ustezko kolaboraziogatik bosna urte (Mitxel Zenarruzabeitia, Xabier Erkiaga, Jon Akarregi, Gaizka Liona eta Urtzi Etxebarriarentzat) eskatu zituen. Defentsako abokatuek, berriz, guztien absoluzioa eskatu zuten. Askatasunak salatu du epaiketa honek tortura duela oinarri, "akusatuetako bi atxilotu zituzten momentutik bortizki torturatuak izan zirelako Guardia Zibilaren eskuetan. Eta hor ematen da operazio polizialaren abiapuntua".

Askatasunaren prentsa oharra:

9 euskal herritarren aurkako epaiketa amaitu da Madrilen

Tortura oinarri duen epaiketa zela salatu zuen Askatasunak. Epaiketan zehar eskaera fiskalak igo zizkieten akusatuetako batzuei, eta jaitsi beste batzuei.

Gaur amaitu da Entzutegi Nazionalean "Zutabe"en banaketaz akusatuak zeuden gazteen aurkako epaiketa. Gaurko saioan Kepa Manzisidor eta Haizea Ziluaga defentsako abokatuak izan dira beraien informea aurkeztu dutenak. Aurreko saioan Zigor Reizabal defentsako abokatuak egin zuen bezala absoluzioa eskatu dute akusatuentzat. Epaia noiz emango zain gelditu dira.

Hauek dira fiskalak egin dituen eskaerak.

IBON GOITIA BEREIKUA (Lekeitio), 8 urteko espetxe eskaera.
IKER LEGARRA GOROSTOLA (Aulesti), 8 urteko espetxe eskaera.
MIKELDI ZENIGAONANDIA (Aulesti), 8 urteko espetxe eskaera.
MITXEL ZENARRUZABEITIA (Aulesti), 5 urte espetxe eskaera.
ERIKA BILBAO BARCENA (Erandio), 8 urteko espetxe eskaera.
XABIER ERKIAGA GOIKOETXEA (Lekeitio), 5 urteko espetxe eskaera.
JON AKARREGI GALLASTEGI (Lekeitio), 5 urteko espetxe eskaera.
GAIZKA LIKONA ANAKABE (Lekeitio), 5 urteko espetxe eskaera.
URTZI ETXEBARRIA AIERDI (Donostia), 5 urteko espetxe eskaera.

2. SEKZIOA, ENTZUTEGI NAZIONALA.

ASKATASUNAREN IRAKURKETA EPAIKETA HONEN HARIRA:

Epaiketa honek tortura du bere oinarrian, akusatuetako bi atxilotu zituzten momentutik bortizki torturatuak izan zirelako Guardia Zibilaren eskuetan. Eta hor ematen da operazio polizialaren abiapuntua.

Estatu espainiarrak tortura sistematikoki erabiltzen du independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko. Etengabeak dira komisaria eta kalabozoetatik iristen diren testigantza izugarriak. Inkomunikazioa da guzi hau ahalbideratzen duena. Argi dago inkomunikazioak funtzio hori duela, tortura ahalbideratzea. Borondate politikoa dago guzi honen atzean, tortura erabiltzeko borondate politikoa.

Justizia espainiarrak tortura baliatzen du modu honetako epaiketak egiteko. Torturapean lorturiko deklarazioak froga bezala erabili eta onartzen dira Euskal Herritarrak espetxeratu eta sakabanatzeko.

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun