Atxilotuek 11 sabotaje aitortu dituztela dio Espainiako Barne Ministerioak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 19a, 17:14

Europa Press-ek jakitera emandako albistearen arabera, azken egunotan Uribe Kostan atxilotutako gazteek hamaika sabotajetan parte hartu izana aitortu dutela zabaldu du Espainiako Barne Ministerioak. Gainera, zabalik dagoen operazio hau dela medio, Uribe Kosta eskualdeko "Y taldeetako" bat ia desantolatuta dagoela esanez harrotu egin dira Ministerioko iturriak. Hasieran 2005eko uztailetik 2007ko uztailera bitarteko hainbat ekintza leporatzen bazieten ere, orain balizko aitorpen horietan atxilotuek 2004tik aurrerako 11 ekintza onartu ei dituzte. Ministerioak zabaldutako ekintzen artean dago Batasunaren aldeko protestekin lotu duen metroaren katenariaren aurkako balizko eraso bat. Ministerioaren arabera, atxilotuek aitortu dute pasa den urriaren 4an metroaren katenariari sabotajea egin izana Algortan, baina data horretan ez zen publiko egin horrelako gertaerarik. Erasoa, berbera izatekotan, aste bat beranduago izan zen eta sare elektrikoaren aurka. Era berean, atxilotuen ahotan jarri dute, besteak beste, edukiontziak erre, Mapfre, BBK eta BBVA erakundeei, Algortako batzokiari eta "molotov" koktelen bidez eraso egin, Joseba Markaida PSE-EEko zinegotziaren etxearen aurkako erasoa planifikatu, zein Algortako jaietan Ertzaintzaren aurkako "ETA hil itzazu" leloko pankarta jarri izana. Argazkian, Algortako Mapfreko bulegoak jaso zituen kalte batzuk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun