Astintzen musika taldea ia jaio berria, Berangoko jaietan Skalariak taldearekin egindako kontzertuan batailatu baitzen, baina Gorka algortarrak (gitarra eta ahotsa), Iskander urduliztarrak (bateria) eta Iñigo (gitarra) eta Unai (baxua) berangoztarrek osatutako laukotea ezin ezagunagoa da eskualdean. Haietako batzuek Kuenta Atras taldearekin egindako kolaborazioez gain, urteotan Libertad Kondizional taldea osatzeagatik dira guztien ezagun.
"Libertad Kondizional ginenean punk musika egiten genuen, ikutu melodikoren batekin. Baina une jakin batean konturatu ginen taldearen kanta zaharrak jada ez genituela jotzen, ez genituela entseguetan abesten, berriak baino ez, abesti zaharrek ez gintuztelako betetzen" aitortu du Gorkak. Hor hasi zen taldea berriztatzeko hausnarketa, Libertad Kondizionalaren soinua aldatzean. "Esaten ziguten 'pok' edo, gauza bera dena, 'pop-punk' egiten genuela" gogoratu du Astintzeneko abeslariak, "baina gustorago egiten dugu gaur punk moderno moduko bat, postpunk edo".
Euskal Herria musika eta hizkuntzaren bidez eraikitzen
Hausnarketari osagai gehiago joan zitzaizkion sartzen eta Euskal Herritarrak eta euskaldunak izanda, zelan ez, hizkuntz gatazkari heldu zion taldeak: "Libertad Kondizionalek pare bat kanta baino ez zituen euskaraz. Eta taldearen proiektua aldatzean pentsatzen genuen bazela garaia euskarari garrantzi gehiago emateko. Horregatik izen euskalduna jartzea erabaki genuen eta, haratago, handik aurrera dena euskaraz egitea, kanta guztiak".
Erabaki hori hartu zutenetik, "sufrimendua baino ez da izan" dio irribarretsu Gorkak: "bederatzi hilabeteko haurdunaldi gogor modukoa izan zen, barne lanez, entseguez...". Emaitza, baina, "oso positibotzat" jo du eta horrela frogatu zuten Berangoko jaietan emandako kontzertuan. Ondoren, beste bi saio egin dituzte taula gainean. Guztira, errepertorioan hamaika abesti propio dituzte, tartean berriki egindako "Uribe Kosta martxan", eta bi bertsio, guztiak euskaraz.