Horietako batek Labajoren berri eman du manifestazioa hasi baino lehen, "asko egurtu" dutela adieraziz: "Guztiak berotu dituzte, baina batez ere Landerrek hartu du jipoirik handiena. Psikologikoki oso indartsu daude, baina dena muntaia dela badakiten arren, argi daukate barrura sartuko dituztela", gaineratu du oraindik ere epailearen azken erabakiaren berri ez zekiela. Rodriguez inkomunikaziopean eta konfidantzazko abokatua bertan ez zegoela deklaratu behar izan badu ere, gero gurasoekin hitzegiteko aukera izan duela jakinarazi du AAMk. Goikoetxearen fidantza ordaintzeko, berriz, diruz laguntzera deitu dituzte bertan bildutakoak. Bost eguneko epea dute horretarako. Horrekin batera, datorren astean zehar, asanblada bat egiteko asmoa adierazi du errepresioaren aurkako erakundeak, "operazio honen inguruan informazioa eman dezaketen guztien parte hartzearekin; senide, lagun, abokatu eta medikuak, besteak beste". "Atxiloketa horien atzean zer ote dagoen desestaltzea" da AAMren helburua.
Harrapatze saiakerak
Giroa bero zegoen arren, ez da gorabehera nabarmenik izan manifestazioa Telletxe plazatik abiatu eta Telletxe eta Algortako etorbidearen arteko bidegurutzean amaitu bitartean. Neska-mutilak ziren bildutako gehienak eta "torturaren" eta "gazteriaren kriminalizazioaren" aurkako oihuak entzun dira nagusiki. Batzokiaren aurretik igarotzean, berriz, EAJren aurkako aldarriak egin dituzte elkartutakoek. Alabaina, "Eusko Gudariak" abestuta protesta bukatu eta berehala, une oro manifestazio atzetik joan diren Ertzaintzaren Brigada Higikorreko bi furgoiak errepide kantoietan zeuden herritarrak zapaltzen ahalegindu dira, abiadura bizian eta ateak zabalduz. Behin baino gehiagotan egin dute gainera, lehendabizi Amnistia taberna bidean joan eta, ondoren, errepidean gora eginez. Polizia autonomikoaren aurkako oihu zaparradaren artean joan dira, azkenik.
Arratsaldeko 8etan Algortako Telletxe plazatik abiatutako manifestazioa (argazkian) bukatu eta berehala jakin berri du, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Baltasar Garzon epaileak Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" baldintzarik gabe espetxeratzea erabaki duela; eta horrela jakinarazi die bertan bildutako 900 bat lagunei. Zigor Goikoetxea "Gorrion", berriz, ospitalera eraman dute, 6.000 euroko fidantzapeko askatasuna ezarri ostean: "kimioterapia ematen ari zaizkio eta larria da bere osasun egoera. Hala ere, egurtu egin dute", salatu du errepresioaren aurkako erakundeak. Gainontzeko seiak ere "torturatuak" izan direla baieztatu du AAMk, senide eta lagunek emandako informazioan oinarrituta.