Aurretik Zigor Goikoetxea "Gorrion" gaztea fidantzapean aske gelditu ondoren ospitalera joan dela esan bada ere, Goikoetxearen lagunek UKBERRI.NETi zehaztu diotenez, Azkorrikoak uko egin dio osasun egoitza batera joateari eta, forentsearen aurretik 20:30ak aldera pasatu ostean, Euskal Herrirako bidea hartu du, zain zituen senide eta lagunekin. Lagunek gaueko ordubaterako itxaroten zuten Algortako Amnistia tabernan, baina Zigorren aitak 00:45ak aldera jakinarazi dienez, ordu horretan Gaztelako Boceguillas herrian zegoen. Hortaz litekeena da Goikoetxea 3:30ak edo 4:00ak arte ez heltzea Algortara. Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu berri du operazioan atxilotutako guztiek ukatu egin dituztela Garzonek leporatutako kale borrokako hainbat ekintzatan parte hartu izana eta baita erakunde armatu baten kideak izatea. Gainera, zuzenean atxilotuek senideei hitz egiteko aukera izan dute eta, AAMk jakinarazi duenez, "egurra ondo eman dietela, batez ere Madrilerako trasladoan" adierazi diete baita "guztia Poliziaren muntaia besterik ez dela". AAMk salatu du "El Correo Español"en eta beste hedabideen jokabidea gartzeleratuei Poliziak esandako ekintzak besterik gabe leporatzeagatik. Argazkian, atzo Zazpi Kaleetako auzokideek Goikoetxearen atxiloketa salatzeko egindako protesta.