Uribe Kostako Segi gazte erakundearen ustez, esperokoa zen "kurtso gogorra" izatea, eta horrela ulertu zuen erakunde horrek ikasturtea hasi baino lehen. Batasuneko Mahai Nazionaleko kideen eta Uribe Kostan izandako atxiloketa guztiek Segik egindako hausnarketa baino ez du berresten: Frantzia eta Espainiako Gobernuek "errepresioaren eta gatazka luzatzearen alde egindako apustua".
Horregatik Segik "gazte eta aske irabazi arte" ekin zion, Segiren aurkakoez gain "edozein frontean herri honen alde lan egiten duen edozein gazte edo gazte talderen aurkako erasoak salatzeko asmoz". Baina ildo errepresibora mugatu ordez, erantzuna ematea ezinbestekoa dela uste gazte erakundeak. Horregatik, Uribe Kostan izandako operazio dela medio "inoiz baino gehiago" gazteriak abiatutako martxaren alde egitea eskatu du.
Toxikazioak
Baltasar Garzon "epaile faxistak", Espainiako Poliziak eta hainbat hedabideek Uribe Kostako atxilotuen inguruan zabaldu dituzten "gezur eta manipulazioak" nabarmendu du Segik. Atxilotuak Segirekin lotura omen dutela, Segiren 8.000 bat euro zutela edota Segiren txostenak zituztela argitaratu izana "ziztrintzat" jo dute: "Gasteizko atxiloketetan egin zuten bezala, gazteak ezker abertzalearekin lotu nahi dituzte sortu duten film kriminalizatzailearen bidez. Segik bere jarduera politikoak egiten ditu. Ez du ezkutatzen eta jarraituko du egiten, baina txosten bat izateagatik atxilotzen dituzten gazte guztiak Segirenak direla esatea... Nork ez du Segiren txosten bat?".