Josu Rodriguez "Nekora" Soto del Realgo erizaindegira eraman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 20a, 08:17

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Epaitegiko epaileak presondegira bidalitako sei gazteak (autoa (doc) irakurtzeko sakatu hemen), Madrilgo Soto del Realgo espetxean daude informazio iturri ezberdinek jakinarazi dutenez. Lander Labajo, Josu Rodriguez "Nekora", Txomin Geruzaga, Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre" eta Aner Mimenza sei ordutako deklarazio egin ostean eraman ditzute presondegira. Josu Rodriguez "Nekora"ren kasuan, Baltasar Garzonek agindu du espetxeko erizaindegira eramatea "baldintza egokietan" egon dadin, mutikoak pairatzen dituen arazo psikiatrikoak direla eta. Dena den, deklarazioa inkomunikazio egoeran egin behar izan zuen. Bestalde, Askatasunak salatu du Baltasar Garzonek agindutako protokoloaren ezarpena ezerezean gelditu dela. Izan ere, konfidantzako medikuek behin baino ez dute atxilotuak bisitatzeko aukera izan eta abokatuei ez dizkiete erakutsi kalabozoetan grabatu omen diren bideoak. Gainera, atxilotuek beren senideei baieztatu diete torturatuak izan direla. Argazkian, atzo atxilotuen egoeraren berri emateko Algortan egindako asanblada.

Asakatasunaren oharra:

Sei espetxera eta bat kalera, fidantzapean

Lander Labajo, Josu Rodriguez, Txomin Geruzaga, Joseba Elorriaga, Mikel de Gregorio eta Aner Mimenza espetxeratzeko agindua eman du Garzon epaileak. Soto del Realen sartu dituzte.

Zigor Goiketxea aske gelditu da fidantzapean, 6.000 euro ordainduta. Gaixotasun larria duelako utzi dute aske. Gaixotasun honen ondorioz zorabio / bajoi bat jasan zuen kalabozoan zegoela eta paretaren aurka jo ondoren burua ireki zuen, zauri handia eginez.

Atxilotu guziek ukatu dute bai ETArekin bai Kale Borroka ekintzekin zerikusirik izatea. Txomin inkomunikaturik pasatu denez ez dakigu bere egoera zein den. Orain altxatu diote inkomunikazioa.

Atxilotu guziek presioak, mehatxuak eta kolpeak jasan dituztela salatu dute. Bereziki presioak izugarriak izan direla adierazi dute, eta epailearen aurrean salatu dituzte. Zaratak entzun izana e.a aipatu dituzte.

Defentsak Garzoni protokoloa martxan jar zezala eskatu zion, eta honek baiezkoa erantzun zuen. Azkenean konfidantzazko medikuak behin bakarrik ikusi ditu atxilotuak egon diren denboran.

Garzonek adierazi du atxiloketa aldia kamaraz grabatu duela. Atxilotuetako bat jasandako kolpe eta presioak salatzen hasi denean Garzonek salaketarik ez egiteko esan dio, dena grabatuta dagoela eta. Orduan gazteak berak esandako guzia han agertuko dela erantzun dio epaileari. Aurreko atxiloketetako bideoak eskatu izan dizkiote abokatuek behin baino gehiagotan, eta oraindik ez die bideo bat bera ere ikusten utzi abokatuei.

ASKATASUNAREN SALAKETA:

Atxiloketa, tortura eta espetxeratze berri hauek estatu espainiarrak eta frantziarrak esku esku aurrera daramaten errepresio estrategiaren baitan kokatzen ditugu. Beste behin ere euskal herritarrak torturatuak izan dira okupazio indarren eskuetan. Garzonek torturaren aurka martxan jarritako protokoloak ez du ekiditen atxilotuek tratu txarrak jasatea, azken atxilotuen salaketek erakusten duten bezala. Estatuak dituen tresnarik bortitzenak erabiltzen ditu euskal independentisten aurka egiteko, baina estatuaren erantzukizun zuzenaz gain gogor salatu nahi dugu biolentziaren eztabaida etengabe elikatzen duten alderdiek (PNV eta NABAI kasu) tratu txar kasu hauen aurrean erakusten duten epelkeria. Torturaren aurrean itsu, mutu eta gor geldituz.

Errepresioaren aurrean antolatu eta mobilizatzera deitzen ditugu herritarrak, eta datozen egunetan espetxeratze eta tortura kasu hauen aurka antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun