Atxilotuak gogoan Uribe Kostako gazte martxak goizeko txangoa osatu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 20a, 17:45

Algortako Txiki eta Otaegi plazan aste honetan atxilotutako zazpi gazteei zuzendutako gutun hunkigarria irakurriz 80 bat gaztek eman diote bukaera gazte martxaren goizeko ibiladiari. Martxa Erandion hasi da 10:30ak aldera, 50 bat gaztek "presoak askatu" dioen petoa soinean jantziz. Kale antzerki baten bidez, gazteek erakutsi dute gazteria antolatuak langile gazteen behin-behinekotasunaz baliatzen diren enpresariak eta kapitalismoa garaitu dezakeela borrokaren bidez. Horren ostean, martxa abiatu da atxilotuak askatzeko eta euskal gazteria bakean uzteko aldarrien artean. Erandiotik bira egin ondoren, Leioan hainbat lagun gehiago batu ostean, Durangaldeko gazte mugimenduak eta AHT Gelditu! Elkarlana taldeak proiektu horren aurka darabilten dinamika aztertu dute. Ondoren Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroka eta Iberdrolak proiektatzen duen zentral termiko berriaz jardun dute. Itzubaltzeta / Romon, berriz, eskualdeko hainbat herrietako etxebizitzaren arazoa izan dute mintzagai. Algortan, azkenik, atxilotuekin bat egin dute, goizeko txangoa burututzat emanez. Bazkal ostean, jolasak egingo dituzte Txiki eta Otaegi plazan, ondoren Berangora joateko. Bertan, hezkuntzari lotutako hitzaldia egingo dute eta beranduago frontoian ekitaldia, afaria eta Astintzen, Okupando Rom@ eta Arritmiaren kontzertua izango da. Argazkian, martxa Arriluzetik igarotzean.

Leioan egindako hausnarketan martxako kideek salatu egin dute proiektu txikitzaileek Uribe Kostan duten eragina eta iazko martxan Getxo eta Berangoko kasuen azterketa gogoratu dute. Era berean, eskualde osoan etxebizitza kopuru handien eta garraiobideen gehiketa "basatia" salatu dute. Uribe Kostan dagoeneko "ekin beharreko borroka" hori ganoraz egiteko asmoz Durangaldeko eskarmentua ekarri dute plazara.

Boulevardeko monolito horizontean Durangoko AHT Gelditu! Elkarlana taldearen eta Durangoko gazte mugimenduaren lagun banak Abiadura Handiko Trenaren alde ilunak zerrendatu dituzte, orain dela urte bat Araban eraikitzen hasi zen proiektua, baina orain dela 20 urte plangintzatzen hasi zena.

Hamaika arrazoi ez egiteko

AHTren aurkakoentzat proiektu hori "inposatzailea da, herriak urruntzen ditu eta batzuen poltsikoak, EAJ eta PSOErenak, aberastu" laburtu dutenez. Izan ere, AHTren funtsa EAEko "hiru hiriak lotzea da, aldi berean herriak isolatzen dituela". Gainera, Iruñea ere lotzekotan X edo H ren bidez "horrek ez luke aldatuko".

Bestalde, hizlariek jakinarazi dutenez, AHT ez da beste edozein tren modukoa eta, besteek ez bezala, leku handia behar du. Altueran, 50 bat metroko zutabeak behar ei ditu, "eraikin bat baino handiagoak". Azaleran, berriz, segurtasun eta larrialdietarako zabalera handia behar du eragin ekologikoa biderkatuz. Durangaldeko parke naturalaren erditik igaroko duela ekarri dute gogora.

Gainera, AHTk bihurgunerik eta desnibelarik ezin duenez eduki, "txikizioa are itzelagoa izango da, batez ere natura eta nekazarientzat". Tren hori mugitzeko ere, "kristoren energia" behar izango da eta horretarako "laster etorriko zaizkigu zentral termiko gehiago egin behar direla esanez" eta jartzen saiatuko dira. Hortaz, "zuzenean kaltetutako herrietaz gain, Euskal Herri osoak pairatuko du".

Bidariaren %0,71

Abiadura Handiko Trenaren azpiegitura "hain erraldoia" izango da zer mendiak zulatzeko makinak ere erraldoiak diren eta zuloak eginez lur mugimenduak sortuko ei dituztela, proiektuaren kontrakoen ustez. Udalaitz inguruan, adibidez, bertako lur azpiko urak eta akuiferoak galtzeko bidean daudela ziurtatu dute. Ildo berean, AHT egiteko mugitu beharko den lur kopurua azken 20 urteotan Euskal Herrian egin diren azpiegitura lan guztietan mugitutakoaren parekoa izango omen da eta lur hori uzteko leku berriak sortu beharko dira. Jakinarazi dutenez, Durangon solik hiru hondakin gune jarriko ditzute.

Bestalde, kritikatu dute dagoeneko Euskal Herriak baduela Europa mailan azpiegitura kopuruen dentsitaterik altuena.

Basamortizazio prozesua

Eta, batez ere, kritikatu dute AHT "alferrekoa" dela: "Euskal Herrian garraio gehiena eskauldeen barruan egiten da, edo, bestela eskualdeen artean, baina EAEko hiru lurraldeko hiriburuen artekoa, hori %0,71k baino ez du egiten". Hiriburuan bizi ez diren herritarren kasua nabarmendu dute: "hiritar horiek hiriburu batera joan beharko lirateke handik beste batera joan ahal izateko, askotan atzerako bidea eginez eta alferreko bidaiak sortuz, soilik batzuentzat negozioa eginez".

Izan ere, kezkagarritzat jotzen dute AHTk izango duen eragina soziala hiriburu eta hiriburuen ondoko herriak ez diren eskualdeentzat. AHT Gelditu! Elkarlana taldekidearen iritziz, hiriburuetatik gertu ez dauden herriak isolatuko dituzte eta enpresak hiriburuetarantz abiatuko dira, "herriak basamortu bilakatzen".

Bidariarien aldetik AHT ez dela onuragarria "frogatutzat" jo ondoren, Eusko Jaurlaritzak publizitatearen bidez zabaldu duen beste argudioari ere buelta eman diote bi hizlariek: "AHTk eguneko merkantzietarako mila bat kamioi hartuko lituzke, Euskal Herrian eguneko hamaika mila mugitzen direnean, ez da, hortaz, beste moduko konponbide bat arlo horretan ere ez".

"Parau ahal da. Gelditu ahal dugu". Horren argi adierazi diete uribe kostako gazteei borrokaren bidez helburua lortzeko duten determinazioa. Gainera, Val de Susa Italiako aranean bertako Abiadura Handiko Trenaren aurka lortutako garaipena gogoratu dute makroproiektuaren inguruan sortu den ezinbestekotasunaren irudia apurtzeko. Jakin gabe, Uribe Kostatik gertuko adibidea ekarri dute, Susako aranean dagoen Venaus herrian Polizia, herritarren aurka egindako oldarraldi gogorren batean, Areetan bizi den Carlos Iturgaiz europarlamentarioaren kontra aritu zen.

Mobilizazioak

Durangoko gazte mugimenduak, AHT GElditu! Elkarlanarekin batera, kontzientziazio kanpaina bati ekin zion Durangaldean AHTk sortuko lituzkeen kalteak salatzeko, eta pozik daude orain arte jasotako fruituekin. Jendartean "proiektu hau erokeria dela eta ez daukala zentsurik" lortu dute zabaltzea herritarren artean eta Durangoko batzokian egindako okupazioan herritarrak haien alde irten ziren, "herria mobilizatzeko balio izan zuen".

Orain, baina, lanak noiz hasiko zain daude eta aurreikuste dute borroka "oso gogorra" izango dela: "mobilizazioen bidez gelditu behar da, baina lanetan ere izan izango gara eta hor eman emango gaitzute". Aurretik esperientzia ez zaie falta, Urbina gunean ikasi zutena praktikara eraman ahal izango baitute. Gainera, Abiadura Handiko Trenaren ordez Tren Soziala defendatzen dute.

Lemoiz, eredua eta borrokagunea

AHTren inguruko eztabaidaren ostean, Lemoizen kasua aztertu dute, handik bi kontu ikasteko: lehenengoa, "bere garaian Lemoizko zentral nuklearra eta beste hiruen proiektua atzera botaz, Euskal Herriko hiritarrek Iberduerori, atzean zuen Estatu Espainiarrari eta haientzat morroi gisa jarduten zuen EAJri garaitu zizkiotenez egun, borrokaren bidez AHTri garaitu ahal ziango diogula"; eta bestea, "orain dela 25 urte falta izan zen azken garaipena, Iberduerori Lemoizko lurrak kentzea, alegia, gaurko inposizio berri baten iturburua dela". Izan ere, martxako antolatzaileek salatu dutenez, Iberdrolak egun lur horietan zentral termikoa egiteko proiektua amaitu egin du eta "laster eskualdekook Lemoiz izango dugu berriro ere buruan. Orain dela 25 urte herri honek zentral nuklearra gelditu zuen bezala, orain ere zentral termikoa geldituko dugu".

Etxebizitza arazoa eskualdean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun