Uribe Kostako gazte martxaren kideek irakurritako komunikatua:
Tripak jaten ari dira euskal gazteriarekin eta euskal herriarekin ezin dutelako. Bi estatu zapaltzaileek eta gatazkaren luzapenetik jaten dutenek ezin dute onartu menpekotasunik gabeko jendarte eredu bat. Horregatik, Segi "terrorista" izendatu dute. Horregatik, PNV eta PSOEk ezetz esan diote akordioari. Eta, horregatik, azken egunotako sarekada basatia gure eskualdean. Hemendik ozen salatu nahi ditugu azken egunotako atxiloketak!
Baina ez da etsipenerako garaia, borrokatzeko garaia baizik. Azken urteotan, ate asko ireki dizkiogu independentziari, ate horiek zeharkatu eta irabazteko garaia da.
Herrien interesen gainetik, inposaturiko proiektu txikitzaileak geldituko ditugu.
Etxebizitza pribilejio bilakatu nahi dutenen aurrean... gure kontura patrikak ez betetzeko esango diegu. Etxebizitza oinarrizko eskubidea da eta gure eskubideak ez dira zozketatzen!
Inposaturiko hezkuntza sistema ezabatuko dugu eta euskal eskola nazionala marraztuko dugu.
Hainbat alor dira borrokatu behar direnak. Argi dago gaur egungo agintariekin ez dagoela etorkizuna eraikitzerik. Borrokaz eta antolakuntzaz, sistema politiko eta sozioekonomiko berri bat eraikiko dugu! Estatu aske eta sozialista bat eraikiko dugu! Gazteriaren freskotasun eta errebeldiaz gazte herri berria eraikiko dugu!
Gora euskal gazteria!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Atxilotuak askatu!