PPk larunbatean jakinarazi zuenez, Marisa Arrue Getxoko PPren presidentearen arabera, erasoek frogatzen dute "ezker abertzalea deritzotenak, hots, terroristak eta babesten dituztenak, ez duela inolako asmorik herri horrentzako bakea bilatzeko. Eurek ekintza mafiosoekin eta mehatxuekin jarraitzen dute egiten dakiten gauza bakarra delako, demokratak eta gizartea kikiltzen saiatzea".
Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariak, berriz, ziurtatu zuen sozialistek horrelako erasoak jazo arren, askatasunaren alde lanean jarraituko dutela. Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak ere, iragarri zuen "faxistek" PSE-EEren aurkako erasoak egin arren, sozialistek lanean jarraituko dutela.
EB-Berdeek ere salatu zuten aldi berean Getxo eta Urduñako erasoak, eta ezker abertzaleari zuzendu zitzaien eraso horiek gaitzes ditzan.
Bere aldetik, pasa den udal hauteskundeetatik Getxoko Udalbatzatik kanpo gelditu den Eusko Alkartasunak ere arbuiatu egin zuen Areetako erasoa, eta "babesa" eta "elkartasuna" eskaini zizkion erredura arinak jazo zituen emakumeari. Kale erasoak gizarte osoaren kontrako erasoak direla esan zuen.
Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hartutako akordioa:
PSE-EE-ren Areetako egoitzari urriaren 19an (ostirala) egin zaion azken erasoan, kalte materialak ez ezik pertsona bat zauriturik suertatu zen, erasoa gertatu zen unean bertan zegoena. Eraso honen aurrean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak ondokoa adierazten du:
1. Indarkeriazko ekintza horiek erabat gaitzesten ditu.
2. Alderdi Sozialistari eta zauritutakoari bere elkartasuna eta gertutasuna adierazten dizkie. Zauritua lehenbailehen osatzea espero du.
3. Egile material eta intelektualei exijitzen die honelako ekintzak berehala eta behin betiko uzteko, euskal gizartearen eta zehazki getxotar gizartearen bake eta bizikidetza nahien aurkakoak baitira.
Getxon, 2007ko urriaren 22an