Askatasunak deitoratu du Espainiako Gobernuak Figueroari eta beste hamaika euskal gatiburi preso gaixo larri eta sendaezinak kaleratzea aurreikusten duen Kode Penalaren 92. artikulua ukatu izana eta Espainiako Estatuak preso gaixoak "txantaia eta presio politikoa egiteko" erabiltzen dituela salatu du. Horren ondorioz, Figueroa eta beste preso gaixo larri eta sendaezinen askatasuna aldarrikatu dute. Era berean, Etxeratek Donostiako PSE-EEren egoitzaren aurrean salatu du gaur preso gaixoen egoera, tartean Figueroarena. Txostena (pdf) ere kaleratu dute.
Askatasunaren oharra:
Preso gaixoak oso egoera larrian: Anjel Figueroa
Anjel Figueroa (Algorta) 1994tik hona dago espetxean. Epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala dauka. Gaixotasun larria eta sendaezin honen ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, konortea galtzen duelarik, eta tartean absentziak, memoria galerak eta aluzinazioak ere izaten ditu.
Espetxean gaixotasunak okerrera egin eta 2006ko maiatzean garunetako operazio korapilatsu eta arriskutsua egin zioten Gurutzetako ospitalean. Ebakuntza horrek ez zuen nahi ziren emaitzak izan eta gaur egun krisialdi etengabeak izaten ditu, azken hilabeteetan areagotu egin direnak.
Bere tratamendua daramaten medikuen arabera, gaixotasunari aurre egin ahal izateko, medikazioa zorrozki hartzeaz gain, ordutegi aldaketak, loaren gabezia eta krisialdiak eragin ditzaketen estres egoerak ekiditea ezinbestekoa da. Bizibaldintza hauek, ordea, ez datoz bat kartzela erregimenarekin.
Kode Penalaren 92. artikuluak preso gaixo larri eta sendaezinak kaleratzea aurreikusten du. Gaur egun, Figueroaz gain, beste hamaika euskal preso politiko dituzte gaixotasun larri eta sendaezinak. Hala ere, Espainiako estatuak txantaia eta presio politikoa egiteko erabiltzen ditu preso gaixoak Euskal Herria menperatzeko daraman errepresio estrategiaren barruan.
Gaur arte bost euskal preso politiko hil dira kartzelan hainbat gaixotasunen ondorioz eta beste zazpi hil dira kaleratu ondoren, gaixorik zirelako.
Preso gaixo larri eta sendaezinak kalera!
Anjel askatu!
Askatasuna