Kezka, izua eta harridura zabaldu dira gaur eguerdian Algortako Telletxe kalearen inguruetan, 5. zenbakiaren gainean, teilatuan, ke-multzo handi eta beltz bat zabaldu denean. 12:10ak aldera hasi da gertaera eta handik minutu batzuetara ertzainak, udaltzainak eta suhiltzaileak bertaratu dira balizko sua amatatzeko asmoz, baina etxeak, bertako galeria eta teilatua miatu ostean ez dute surik aurkitu. Dena dela, auzokideen arreta guztia bereganatu dute. Juan Carlos Robledo Algorta Filateliako arduradunak UKBERRI.NETi adierazi dionez, arazoa etxaldeko kalefakzioaren galdara piztean sortu da, aspaldi ez baitzen pizten eta ke beltz "pilo bat" sortu baitu. Hori ikustean, "monjak ikaratu egin dira" eta Santisima Trinidad ikastetxeko arduradunek suhiltzaileei deitu diete, Robledoren arabera. Galdarak zerbitzua ematen die 76 etxebizitzari eta "potentzia handia" dauka. Argazkian, suhiltzaile bi teilatura igotzen.