Angeles Tey sopranoa arituko da bihar Getxoko Udazkeneko Kontzertuetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 23a, 20:28

Bihar, urriak 24, asteazkena, Angeles Tey soprano madrildarra arituko da Getxoko Udazkeneko Kontzertuetan, Algortako Getxo Antzokian, 20:00etatik aurrera. Biharko saioan Bernardo Garcia Huidobro gitarra jolea lagunduko dio eta Beethoven, Falla, Haydn, Schubert eta Villalobos musikagileen piezak interpretatuko dituzte. Angeles Teyk Madrilgo Goi Mailako Kantu Eskolan burutu zituen ikasketak, Opera-Oratorio espezialitate mistoan. Kalifikazio altuenak lortu zituen. 1994ko abenduan “Lola Rodriguez de Aragon” Karrera Amaierako Saria eman zioten. 1990ean, Bach Sozietatearen Ohorezko Saria lortu zuen, konposiziogilearen kantata ezberdinak interpretatu ondoren. 1991n ikasle aktibo moduan parte hartu zuen, Victoria de los Angelesek eskainitako lied interpretazioko ikastaroetan.1993an, berriz, Estorilen jardun zuen Gundula Janowitsek emandako ikastaroan. Une horretan, hain zuzen ere, hasi zuen Angeles Teyk bere ibilbidea, oratoriotik lieder abestira iritsi arte. Jarraian, operara iritsiko zen.

Agertokian 1992an egin zuen debuta, Madrilgo antzokian, Jose de Nebraren “Viento es la dicha de amor” izeneko zartzuela barrokoan. Juanjo Aranda izan zuen agertokiko zuzendari eta Crithof Coin, berriz, musika zuzendari. Hori guztia baino lehen, musika espainiarreko, liedeko, abesti frantses eta ingeleseko hainbat saio egin izan ditu. Antzinako musikako talde ezberdinekin lankidetzan aritu eta aritzen da, besteak beste Gregor ahots taldearekin. Angeles Teyk hainbat antzoki eta auditoriotan egin du lan Europan. Azken lanen artean, Ravelen Sherezade, Ciudad de Malaga Orkestrarekin eta J. M. Franco Gilen zuzendaritzapean, eta Haendelen Mesiah, Iruñeko Santa Cecilia Orkestrarekin Miguel Ortegaren zuzendaritzapean, azpimarra daitezke. RNErentzat grabaketa ezberdinak egin ditu abesteko errezitaldietan eta gitarra espainiarrean. Egun, bere errepertorioa hobetzen dabil Miguel Zanetti maisuarekin.

Txileko ordezkaritza

Bernardo Garcia Huidobrok Txilen egin zituen musika ikasketak eta Espainian jarraitu zuen bere trebakuntza. Irakasle moduan Madrilgo Erkidegoko Ferrazeko Kontserbatorioan aritu izan da, Collado Villalbako Udal Musika Eskolako zuzendari eta irakasle eta San Lorenzo de El Escorialeko Padre Antonio Soler Musika Eskolan irakasle izan den modu berean. Txilen, Brasilen, Ameriketako Estatu Batuetan, Alemanian, Suitzan eman ditu kontzertuak eta etengabe Espainiako hiri ezberdinetan ari da kontzertuak ematen (errezitalditan eta orkestra lagun duen emanaldietan aurkezpenak sartuz), eta baita ganberako taldeetako kide izaten ere. RNE eta TVErentzatu grabatu izan du. Ziklo osoak egin izan ditu, “Ganberako Musika Gitarrarentzat” izenekoa bezala Madrilgo Udal Museoan, Luigi Boccheriniren “Boskoteak Kitarrarekin” izenekoaren osoa Madrilgo San Isidro Museoan eta “Gitarra. Bi mendeko historia” izeneko zikloa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun