Markaidaren kontrako balizko erasoa gaitzetsi du Berangoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 23a, 20:54

Atzo bildu zen Berangoko Bozeramaileen Batzordea ustez Joseba Markaida aipatu udalerriko PSE-EEren zinegotziak duela pare bat aste jasandako Getxoko bere etxearen aurkako eraso saiakera gaitzesteko. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Epaitegiko epaileak joan den astean atxilotutako Uribe Kosta eskualdeko gazteei leporatzen die "eraso zapuztua". Garzonen esanetan, "urriaren 13an, gauez, bi molotov koktel botatzen saiatu ziren" Markaidaren etxearen aurka eta "patruila-auto bat bertan egoteak zapuztu zuen erasoa". Horrela jasotzen da, behintzat, kaleratutako espetxeratze autoan (irakurtzeko sakatu hemen). Alabaina, Getxon beharrean, Berangon bertan lekutzen du zinegotziaren etxea epaileak. EAJ, EA, PP, PSE-EE eta EB-Berdeen, hots, ordezkaritza daukaten alderdi guztien aldeko botoekin onartua izan zen adierazpena. Argazkian, Ana Landa Berangoko alkatea.

Berangoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hartutako akordioa:

Joseba Markaida Berangoko Udaleko Talde Sozialistaren bozeramailearen aurkako eraso zapuztu berriaren aurrean, Bozeramaileen Batzordeak ondokoa adierazten du:

1. Gertaera erabat gaitzesten du.

2. Joseba Markaidari, bere senide eta adiskideei eta bidegabeko tokiko terrorismo honen biktima guztiei bere elkartasuna eta gertutasuna adierazten dizkie.

3. XXI. mendeko Europan gertakari anakronikoa da terrorismoa eta Euskadin bizikidetza normalizatua lortzeko gaitza. Gizarte demokratiko batean ez dauka etorkizunik.

4. Euren metodoekin ikara dezakete terroristek, baina argerikoa da ez dutela helburua lortuko. Guztion onerako, behingoz geldi eta arrastoan sar daitezen.

5. Euskal gizartean bakea eta normalizazioa lortzeko elkarrizketa garrantzitsua dela berresten du.

Berangon, 2007ko urriaren 22an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun