"Matrako"ren senideak: "Joseba Sanchez 'Matrako'ren lagunei"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 24a, 20:59

Eskerrik asko bihotz-bihotzez eskaini diguzuen laguntzagatik. Zeuen elkartasuna guretzat, bere familia, aire puxika bat izan da, Josebaren gaixotasunean eta bere heriotzaren ostean ere. Basurtuko ospitalak minbizia zuela esan zigunean berak 29 urte zituen eta hainbat hilabete zeramatzan medikuengana joanez sintomak zituelako. Joan zen bakoitzean etxera bidali izan zioten "molestia gastriko"entzako tratamenduak emanez. Ez ziguten inolako aukerarik eman, Osakidetzak ez baitu honelako kasuetarako tratamendu-protokolorik, "leungarria" salbu, baina, bai kontrara, medikuntza pribatuak, Gasteizen, eta hara joan ginen, geure azkeneko esperantzan. Ebakuntzak 17 milioi pezeta balio zituen eta, beraz, kreditu bat eskatu behar izan genuen. Irudian, "Matrako"ren lagunek Joseba Sanchez oroitzeko egindako irudia eta webguneko helbidea.

Josebak ebakuntza jasan eta bere biziaren alde borroka egin zuen, familia eta lagunen laguntzarekin bat. Gogor ahalegindu bazen ere, bere irribarrea (egoera hain latz hauetan ere beti presente) 2004ko azaroaren 19an amatatu zen. Beti alai eta irribarretsu gogoratuko dugu.

Ebakuntzari dagokionez, Segurtasun Segurantzak finantzatu egiten du Espainiar Estatuko beste erkidego batzuetan, baina Osakidetzak ez zigun aukera hau eman, diagnostikoaren berandutzaren ondorioz Josebaren egoera txarragoa zela jakin arren.

Orain, Josebaren bizia salbatu nahian hartu genuen zorra kitatuta dagoela jakinarazi nahi dizuegu. Eta hau posible izan da Gorliz, Plentzia, Bermeo, Mungia, Erromo, Bilbo eta hainbat lekutako lagun guztioi esker... ezagun zein ezagunak... hainbeste izan zarete ze hainbat orrialdetan ere ez lirateke zeuen izenak sartuko. Zeuei eman nahi dizkizuegu gure eskerrik zintzoenak, benetan.

Eskerrik asko, gora "Matrako" eta zuek ere bai.

"Matrako"ren senideek "UK" aldizkariaren 126. zenbakian argitaratutako gutuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun