Julen Billelabeitia txistulari getxoztarrari gorazarre egingo diote larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 24a, 21:48

Julen Billelabeitia txistulari, euskaltzale eta Getxo udalerrian euskal kulturaren sustatzailetako bat denari gorazarrea egingo diote larunbat honetan, urriak 27. Izan ere, getxoztarrari zilarrezko domina ematea erabaki du Euskal Herriko Txistularien Elkarteak eta egun horretan bertan jarriko diote. Koldo Iturbe Kultura zinegotziak gaur eskainitako prentsaurrekoan adierazi duenez, egindako lanagatik bat egin nahi izan du omenaldiarekin Udalak. Jendaurrean esker ona aitortu nahi Billelabeitiari, "urte askotan euskal musika eta kulturaren alde lan egin eta udalerriaren izena leku guztietara eraman duelako". Itxas Argia taldeak, Andra Mari parrokiako eta Biotz Alai abesbatzek, eta Uribealdeako Martiartu Txistulari Batzak ere ekimenarekin bat egin dute. Txistulari getxoztarra urte askotan ibilitako taldeak dira guztiak.

Larunbateko ekitaldia goizeko 9etan hasiko da Getxoko Malakate plazan egingo den elkarretaratzearekin. Ondoren kalejira egingo dute Itxas Argia taldearen egoitzaraino. Bertan, omendutakoari ongi etorria egin eta gero, kalejiran ere, Andra Mari elizaraino joango dira 11:00etako meza abestua entzuteko. Hori amaitutakoan ipiniko diote zilarrezko domina Billelabietiari: ohorezko aurreskua dantzatu eta bera ibilitako hainbat kultur taldeen jarduna izango da ere bai (Itxas Argia dantza taldearena, Biotz Alai abesbatzarena eta Uribe Aldeko Martiartu txistulari taldearena). Azkenik, Getxoko tabernetatik txikiteoa egingo eta Algortako Igeretxe jatetxean anaiarteko bazkaria egingo dute.

Alandabe, horiek guztiak baino lehen, eskualdeko txistularien gaineko argazki erakusketa egongo da ikusgai, ostiral honetara arte, Algortako Getxo Antzokian. Bere ordutegia, arratsaldeko 6tatik gaueko 9:30ak artekoa izango da. Gainera, ostiralean bertan, arratsaldeko 7:30ean, eta sarrera doan dela, Bilboko Txistulari Taldearen kontzertua izango da antzokian, Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean.

Musikari eta zinegotzi

1929an Mungian jaioa, Julen Billelabeitia 8 urte zituela heldu zen Getxora. Musikazale amorratua, 25 urte zituela hartu zituen lehenengo txistu eskolak, Gerardo Zubillaga maisuaren eskutik. Hortik aurrera, bera bakarri eta lan handia eginez, txistua hobeto jotzen ikasi zuen. Biotz Alaiko abeslari eta Getxoko Udaleko zinegotzi izateaz gain, 30 urte pasatxotan, Uribealdeko txistulari taldeko zuzendari izan zen. Duela gutxi utzi zuen ardura hori.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun