Asteartean, urriak 30, Erresuma Batuko Voces8 ahots mistoen taldea ariko da. “A cappela” abesten duen zortzikote hau 2005. urtean eratu zen eta, ordutik hona, taldea kontzertu eta ekimen mordo batean aritu da Ingalaterran. 2006an, Tolosako Abesbatzen Lehiaketan parte hartu zuten, eta lehen bi sariak irabazi zituzten, parte hartzen duten bi modalitateetan: musika erlijiosoa eta profanoa. Era berean, lehiaketako puntuaziorik altuena jaso zuten. Voces8 mota guztietako musika abesten ageri da, klasikoa nahiz arina, Gibbons edo Allegri, The Beatles, eta jazza ere bai, euren moldaketekin.
Hirugarren saioan Kubako Camerata Vocale Sine Nomine arituko da. Taldea berezitasun handiko proiektua da Kubako abesbatza-musikaren arloan. Soprano, kontralto, tenore eta baxu ahotsak erabiltzen dituen gizonezko taldea dugu Camerata, hasiera batean formatu mota horrentzat idatzitako musikaren interpretazio irizpidea jarraituta. Bere errepertorioa oso zabala da, polifoniaren hasierako lanetan hasita, gaur egungo lanetaraino.
Amaiera etxekoekin
Azkenik eta, ohikoa denez, Getxo udalerriko talde baten emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da. Aurten Ondarreta abesbatzak itxiko du Aste Korala abenduaren 1ean. Taldea 1967an hasi zuen bere jarduna, Bonifacio Otza Medinak zuzenduta eta, handik hona, hainbat kontzertu eskaini ditu abesbatzak zenbait herritan. Bere errepertorioak genero guztiak hartzen ditu, eta unean uneko zuzendari ugari izan dituzte: Charles Vanderzand, Peter Schwarz, Colman Pearce, Mieczslaw Nowakowski, Thomas Konez, Urbano Ruíz Laorden, Enrique García Asensio, Miguel Rosa eta Juanjo Mena, besteak beste.