Koska irratiak zuzenean emango du Indabada Herrikoiaren berri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 25a, 00:06

Larunbat honetan Algortako gazteek Txiki eta Otaegi plazan antolatuko duten VIII. Indabada Herrikoiaren berri zuzenean emango du Koska irratiak. Uribe Kostako irrati libreak jakinarazi duenez, gazte ekimena hasten den orduan, 13:00etan, hasiko dira zuzeneko konexioarekin. Hortaz, hasierako festan egoterik ez duenak, musika, zozketa, bertsoak, txotxa, trikitixa eta beste instrumentuen doinuak entzun ahal izango ditu FM-ko 108.0 dialean, antolatzaileei egindako elkarrizketak eta estudioan emandako iritziekin batera. 14:30ean, plazan bazkaria hasiko denean eta baita ondorengo jolasetan eta Algorta eta Getxon zehar ibili ostean Txorimalo gaztetxean bukatuko den fanfarre-poteoan ere izango dira Koskako kazetariak. Bestalde, babajanerako txartelak salgai daude UK, Lainoa, Amnistia eta La Plaza Algortako tabernetan, bost euroen truke, eta antolakuntzak txartelak "larunbata baino lehenago erostea" eskertu du, "zenbat jende etorriko den jakiteko". Argazkian, Zarraoa alkateak iazko indabada debekatu zuen, baina dena den 300 bat lagun batu ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun