Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Getxoko Udalak hitzarmena sinatu berri dute, udalerri barruan joan-etorriak egiteko, bizikletaren erabilera sustatzeko asmoz. Hartara, tokiko erakundeak beharrezko baliabideak jarriko ditu sentsibilizazio ekimenak abian jartzeko. Bestetik, EEEk 140.000 euro emango ditu horiek aurrera eramateko. Ekintzen artean, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean zabalik egon den bizikleten doako mailegu zerbitzua hurrengo bi urtetan ere eskaintzeko erabakiaren berri eman du, gaurko prentsaurrekoan, Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak. “Udalak bizikletaren erabileraren aldeko apostua egin nahi du abantaia ugari dituelako, tartean ohitura osasuntsuagoak bultzatzen dituelako, ez duelako zaratarik sortzen, toki gutxi hartzen duelako eta merkea delako”, azaldu du tokiko arduradunak. Datozen bi urteei begira, bizikleten kopurua 50ra handitzea aztertzen ari dira, baita horiek hartu eta uzteko hirugarren toki bat jartzea ere. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Keltse Eiguren alkateordea mailegatutako bizikleten gainean / Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!