Ostiral honetarako, urriak 26, kirol ikuskizun bitxia antolatu dute Erandion. Eguraldiak uzten badu –bestela, azoka zaharrean egingo dute–, Guinness errekor berria erdiesten ahaleginduko da, 17:30ean, Irailaren 23a plazan (udaletxe aurrekoa), Erick Hernandez. Kubatarrak 30 segundo baino ez ditu izango buruarekin baloiari 163 kolpe baino gehiago emateko. Bertan izango ditu lagun, gainera, Andoni Iraola, Aritz Aduriz eta Carlos Gurpegi Athletic-eko jokalariak, udal iturriek adierazi dutenez. Ekimena
Euskadi-Cuba elkarteak eta Deporte y Desarrollo gobernuz kanpoko erakundeak deitu dute, “Cuba va, Kuba bai” kanpainaren harira. Hain zuzen, "euskal jendarteari Kubako garapen sozial ereduaren berri ematea" du helburu kanpainak, horretarako hainbat arlo jorratuz: kirola, hezkuntza, osasuna, kultura, garapen jasangarria, nazioarteko elkartasuna edo parekidetasuna, besteak beste. Abuztuan Perun izandako lurrikarak kaltetutakoei ere lagundu nahi diete biharko ekitaldiarekin. Hernandez kubatarraren saioa baino lehen "Guti" ezagunak egingo du erakustaldia. Argazkian, Erick Hernandez Fidel Castrorekin batera / Euskadi-Kuba.