Bilboko Orkestra Sinfonikoa arituko da iluntzean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 26a, 09:42

Getxoko XXII. Udazkeneko Kontzertuak aurrera doaz eta, gaur iluntzeko 20:00etatik aurrera, zikloaren laugarren saioa izango da. Bilbao Orkestra Sinfonikoak musika klasikoaren errepertorio zabala eskaintzeko jardungo du Algortako Redentor elizan, oraingo honetan Mihnea Ignat zuzendari errumaniarra orkestraren aurrean arituko dela. Halaber, saioan Je Hye Lee biolin-jole hegokorearrak parte hartuko du. Kontzertuan Mendelssohn, Sarasaten eta Schumannen piezak eskainiko dira eta sarrera doakoa izango da. Azkenik, bihar, larunbata, Getxoko Udazkeneko Kontzertuak zikloa amaitzeko, “Talentu Berriak” ataleko saioa egingo da. Aurten, Susana Cerro sopranoa, Marcelo Aguilar baritonoa eta Asier Vallejo Ugarte piano-jolea arituko dira. Hiru artista hauek bat egin zuten, bakarka ibilbide musikal sendoak garatu izan ostean, gure mugen barruan eta haietatik kanpo. Ordudanik harremana estutu dute maiz aritzen dira batera.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa 1922ko martxoaren 8an eman zuen lehenengo kontzertua, Arriaga antzokian, Armand Marsicken zuzendaritzapean. Sortu zenetik, honakoak izan ziren orkestraren zuzendari titularrak: Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesus Aranbarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Fruhbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden eta Theo Alcantara. 1999ko uztailaz geroztik Juanjo Mena da orkestraren zuzendari titular eta artistikoa.

Izaera historikoko birez gain, BOS sarritan aritu da Madrilgo Auditorio Nazionalean eta Donostiako Musika Hamabostaldian, bai eta Santanderreko Nazioarteko Jaialdian, Pariseko Jaialdian, Cuencako Eliz Musikako Jaialdian eta Ibermusicako "Munduko Orkestrak" zikloan.

Kontzertu didaktikoak

Grabatutako diskoen artean, Jesus Lopez Cobosekin 1985ean grabatutako Arriagaren lanak, Usandizagaren “Mendi-Mendiyan” opera eta Guridiren "Amaya" opera eta "El Caserio" zartzuela nabarmentzen dira, denak ere Naxos disko-etxerako. Konpainia horretarako, euskal musikari buruzko bilduma interesgarria osatu du, izan ere, Aranbarri, Guridi, Arriaga, Isasi eta Sarasateren lanak grabatu ditu CDetan, Juanjo Menaren zuzendaritzapean.

Euskalduna Jauregiko abonoko denboraldiaz gain, Bizkaiko herrietan aritzen da, OLBEren operetan kolaboratzen du eta birak eta irteerak egiten ditu. Horretaz gain, 1985az geroztik kontzertu didaktikoak egiten ditu eta ekimen mota horretan aitzindaritzat har daitezke. Azken urteotan beste kultura erakunde batzuekin aritu da elkarlanean musika saioak antolatzeko, tartean Arriaga antzokia eta Guggenheim Bilbao Museoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun