Trikitixa eta bertso gipuzkoarrak nagusituko dira gaur gauean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 26a, 12:12

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, bi bertsolari beteranok, 78 urteko Joxe Agirre eta 71 udaberri dituen Imanol Lazkano, beren eskarmentu handia erakusteko aukera izango dute gaur gauean Algortan. V. Bihotza Gazte bertso-festaren osagai nagusiak izango dira Agirre eta Lazkano bertsolari azpeitiarrak, baina inondik inora ez dira osagai bakarrak izango. 21:00etatik aurrera, beraiekin batera, Urola bailarako Kupela taldekoak (argazkian azken diskoaren azala) arituko dira Kasinoaren ondoko The Piper's Irish Pubean. Xabier Alberdi Zabale trikitilaria, Angel Larrañaga pandero jole, bertsolari eta abeslaria eta Juan Ezenarro Berastegi perkusio jolea batzen dituen hirukoteak trikitixa, musika eta animazioarekin osatuko du bertsolari gipuzkoarren saioa. Sarrera doakoa da.

Joxe Agirreri bere aitonak (Antonio Agirre) sartu zion txiki txikitatik bertsotarako grina. Eta haurtzaroan, bertso zahar asko entzunez eta bertso-paperei esker eman zituen lehen urratsak. Oinarrizko ikasketak ere burutu ditu. Bat-bateko bertsolaria da zalantzarik gabe; bertsolaritza hitzezko borroka gisa ulertzen duen bertsolari klasikoa (bizia, zorrotza, zirikatzailea, aurka jardun zalea), baina kualitate handikoa. Lau generaziotako bertsolariekin aritu da, eta garai guztietan izan du bere lekua, sona eta begirune handiko bertsolari bezala. Bertso-jartzaile gisa ere aritu da, bertso sorta asko jarri dituelako inork aginduta, batik bat, Loiola Herri Irratirako eta zenbait trikitilarien eskariz. Irabazitako azken bi sariak, Loiola Irratiko saria (1963) eta Ehun Mila Pezetako sariketa (1968, Donostia) izan dira. Hemendik aurrera, txapelketei muzin egin die. 1979an, omenaldia jaso zuen XI. Bertsolari Egunean, eta baita Oñatin ere. Gaur egun nekazari lanetan dabil.

Imanol Lazkano hogei urte pasarekin hasi zen bertsotan, eta 1960ko hamarkadatik hasi eta geroztik plazarik plaza ibili da. 80ko hamarkadan bertsolaririk garrantzitsuenetakoa izan zen, eta bi garai eta tradizioren arteko zubi lana egiten ahalegindu zen, eredu klasikoen eta berrizaleagoen artekoa. Lanbidez eraikuntza munduan aritu da Lazkano. 1982ko eta 1989ko Txapelketa Nagusietan azken saiora iritsi zen, eta Gipuzkoako Txa­pelketan ere bitan heldu zen finalera, 1962an eta 1964an. Bapateko jardunak gain, ber­tso sorta asko jarri du Imanol Lazkano. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko sor­tzai­leetako bat da eta Elkarte horretako lehendakari izan da 17 urtez jarraian. Ber­tso­larien arteko zubi lanean bezala, Imanol Lazkanok garrantzi handia eduki du ber­tso­laritzaren mugimendua bateratzeko eta garai desberdinetako ikuspegiak biltzeko or­duan. Duela urte batzuk Aho bizarrik gabe liburu autobiografikoa idatzi zuen, bizitza eta ber­tsoak biltzen zituena.

Angel Larrañaga, berriz, gaztetan hasi zen bertsotan, eta txapelketetan ere ibili zen, baina urduri jartzen zenez, utzi egin zion lehiatzeari. Egun, herri afarietan-eta kantuan jarduteaz gain, bertsotan ere egiten du batzuetan. Urteetan zehar Epelde soinujolearekin bikote gisa aritu eta gero, orain Kupela taldearekin dator. Xabier Alberdi Zabale ibilbide luzeko trikitilaria da. Mutikotan txapelketetan jardun zen anaiarekin eta Lourdes Alkortarekin. Gero disko batzuk plazaratu zituen, eta aspaldian trikitixa irakasten dihardu Azkoitian. Berastegik, berriz, berrogei urte daramatza pandero jotzen, eta bateria jotzen hamabost.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun