Sopelako Munarrikolanda mendi taldeak irteera berria antolatu du igande honetarako, urriak 28. Oraingoan, Arcena medilerroan zehar ibiliko dira, Valderejo Natur Parketik hurbil, Araba eta Burgos artean. Ibilbidean Ebro ibaia, Frias herria eta Garoña zentral nuklearra ikusteko aukera izango dute mendizaleek, udal iturriek azaldu dutenez. Autobusa goizeko 7etan irtengo da San Pedro eliza aurrean dagoen geltokitik. Bazkideek 11 euro ordaindu beharko dute, gainerakoek 13 euro. Ibilbidea, gutxi gorabehera, zazpi ordukoa izango da eta bistaz gozatzeko, argazkiak ateratzeko edota bazkaltzeko geldialdiak egingo dira. Itzultzerakoan taldeak Arabako beste herri bat bisitatuko du, partaideek ustekabe atsegina izango dute bertan. Interesatuek taldearen web orrialdea bisitatu,
www.munarri.com, edo mezua bidal dezakete
munarrikolandamt@vodafone.es helbidera. Argazkian, Munarrikolandako mendizaleek igaz Autza (Nafarroa) egindako txangoa.