Dena den, giro ona, txalaparta, bertsoak, trikitixa eta usain goxoak hartu dute Algortako Txiki eta Otaegi plaza. Uneoro, Telletxeko kale osoan zehar eta Kasino plazan bezala, Koska irratia egon da entzungai, Indaba Herrikoiaren VIII. edizioaren eta atzo egindako prentsaurrekoaren edo Algortan Angel Figueroaren alde prestatzen ari den taldearen berri emanez.
Ordu batetan aurreikusita zegoen manifestazioa bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak. izan ere, atzo goizean Imanol Landa Getxoko alkateak antolatzaileei ohartarazi zien "legez kanpo" zegoela Indabada eta gogoratu zien bi pertsona zeudela iaztik identifikatuta, haietako bat Lander Labajo presoa. Gainera, Txorimalo gaztetxeko kide batek UKBERRI.NETi adierazi dionez, zer edo zer gertatzekotan, beste pertsonari leporatuko ziotela jakinarazi zien alkateak. Lehenengo sei urteetan ez zen arazorik izan Indabadarekin, baina iaz, lehenengo aldiz, Iñaki Zarraoa alkateak debekatu egin zuen, nahiz eta bi pertsona identifikatuta, azkenean egin zen. Alkate berriak Zarraoak irekitako bidetik jarraitu du eta gaur, 13:00etan, udaltzainak izan dira, elektrizitatea kentzeko asmoz. Dena den, festa aurrera jarraitu du, "Atxilotuak Indabadara" eta "Ilegalik ez, eskerrik asko" leloen pean.
14:30ean, ekitaldia egin dute eta biziki gogoratu dira pasa den astean atxilotutako zazpi lagunekin eta euren senide eta lagunekin. Dantzariak, bertsolariak eta beste lagunek ere beren ekimena dedikatu diete preso diren Berango, Getxo eta Algortako lagunei.
"Atxilotuak askatu" oihuen artean hasi da bazkaria 15:00ak aldera, eta bi ordu beranduago, sabela ondo beteta, Lander Labajo, Josu Rodriguez "Nekora", Txomin Geruzaga, Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre" eta Aner Mimenzak idatzitako gutuna irakurri dute. Ondoren, topa egin dute aldi berean Soto del Realen eta Algortan Indabada ospatu egin dutenak eta beranduago, banan banan, presoek deitu eta megafoniatik zabaldu dute beren mezuak. "Emozionatuta" daudela onartu du Lander Labajok eta azken astean egindako lan guztia eta elkartasuna eskertu du. Era berean, "bihar etorriko dela antolakuntza eta borrokarako eguna" gogoratu du, "baina gaur ondo pasatzeko eguna dela" eta jaiaz disfrutatzeko eskatu die Txiki eta Otaegi plazan bildutakoei. Dena den, argi utzi die kontu bat: "ez gaituzte apurtuko!". Mikel De Gregoriok, bere aldetik, "ea hurrengorako gu ere hor gauden" asmoa plazaratu du.
Jontxu Portu Zaharreko mariatxiaren doinu mexikarrak, Fredi Paya eta "Katxo"ren bertsoak, zozketa, Ukabilkada taldearen kontzertua eta, dena batu ostean, Algortan eta Getxon zehar poteo musikatuarekin eman diote bukaera bazkariari, arratsaldea eta gaua Txorimalo gaztetxean abiatzeko asmoz.