Orotara, herriko 36 leku publikoetan jarriko dituzte argi eta apaingarriak. Besteak beste, 99 argi-uztaik apainduko dituzte herriko denda eta saltoki gehien dauden 13 kale: Kale Nagusia, Mesedeetako Ama, Andres Larrazabal, Klub eta Paulino Mendibil, Areetan; Algortako Etorbidea, Amezti, Basagoiti Etorbidea, Juan Bautista Zabala, Torrene eta Telletxe, Algortan; eta aurten berritasun bezala Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo eta Kresaltxu kaleak ere argiztatuko dituzte. Gauez zein egunez argia ematen duten argi-uztaiak dira, material bereziarekin egindakoak eta "saltzaileen eta erosleen oso gustukoak direnak", udal iturrien arabera. Horretaz gain, denda guneetatik aldenduta dauden beste 23 lekutan ere argiak eta apaingarriak ipiniko dituzte, hala nola, udalerrira sartzeko biderik nagusietan –Euskal Herria, Eduardo Coste, Areetako Etorbidea, Artatza eta Ormazako biribilguneak, Asuako errepidea–, plazetan –Santa Ana, Bizkaia Zubia, Ganeta...–, parkeetan eta Maidagan eta Arriluze-Zugatzarte bezalako esparrutan.
Banderatxo apaingarriak
Bestalde, GEEMk ekimena abiatu du nahi duten enpresa eta saltokiek, elkartearen bazkide zein bazkide ez direnek, Gabonetan udalerria apaintzeko egotasmoan parte har dezaten. Merkatari elkarteak hala eskatzen duten saltzaileei kolore hori eta laranjadun banderatxoak salduko zaizkie. Euskarri tolesgarria dute eta zoriontzeko esaldiak dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Banderatxoak 2,30 metroko garaiera dute eta saltokien atarietan ipintzekoak dira. Bere salneurria 100 euro ingurukoa da.