"Mundopolski" antzezlanaren testua euskaraz argitaratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 31a, 19:54

Jon Gerediaga bilbotarrak eta Unai Garate itzubaltzetarrak sorturiko lau antzezlan euskaldun argitaratu dituzte Antzerkiola Imaginarioak eta Artezblai argitaletxeak kaleratu dituzten bi liburu berritan. Antzerki Testu Bildumaren barruan kokatzen dira argitalpenak eta honako lanen testuak biltzen dituzte: "8 olivetti poetiko" eta "Mundopolski, erreboltaren ziaboga", lehenengo alean; eta "Yuri Sam. Otoitza" eta "Au revoir, trunfadoreak!" bigarrenean. Lau lanak Jon Gerediaga idazlearen testuak dira, "Mundopolski, erreboltaren ziaboga"ren kasuan, Unai Garate gidoilariarekin batera idatzi bazuen arren. Testu hori gainera, euskaraz argitaratu bada ere, elebiduna zen bere oinarrian, baina Antzerkiola Imaginarioak Mundok gazteleraz, Mikak euskaraz eta Corifeak bietan egiten zuen bertsioa aldatu eta bi antzezlan eskaini zuen, euskaraz ala gazteleraz. Argazkian, Ander Lipus eta Alex Gerediaga Antzerkiola Imaginarioaren kideek aurkezpenean ukatu dute bi liburu hauetan antzezlanik egotea: "ez daude liburu hauetan hitz herdoilduak besterik".

Artezblai argitaletxearen prentsa-oharra:

Artezblai argitaletxeak Antzerkiola Imaginarioaren euskarazko lau antzerki testu argitaratu ditu bi liburutan "8 olivetti poetiko" eta "Mundopolski, erreboltaren ziaboga" biltzen ditu lehenengo aleak, bigarrenak berriz, "Yuri Sam. Otoitza" eta "Au revoir, trunfadoreak!".

Artezblai argitaletxeak Antzerki Testu Bildumaren barruan beste bi liburu plazaratu berri ditu, FTI-Antzerkiola Imaginarioa konpainia bilbotarrak azken hamar urteotan sortutako formatu handiko lau antzezlanen testuak bilduz. Liburu bakoitzean antzezlan bina elkartuz, bildumaren 25. zenbakiak "8 olivetti poetiko" eta "Mundopolski, erreboltaren ziaboga" biltzen ditu lehenengo aleak, bigarrenak berriz, "Yuri Sam. Otoitza" eta "Au revoir, trunfadoreak!".

FTI Antzerkiola Imaginarioa konpainiako kideen arabera, argitarapen hauetan, irakurleak Antzerkiola Imaginarioaren lau testu dramatiko baino ez ditu aurkituko. Ez dago bi liburu hauetan antzezlanik. Ez daude liburu hauetan hitz herdoilduak besterik. Ez dugu sekulan pentsatu gure lanen abiapuntu eta helburua testua zenik. Antzerkia egiteko erraminta dramatiko guztien elkarlana aldarrikatu dugu hasieratik, bai sormen prozesuan eta bai emanaldietan. Akotazioak, esaterako, minimoak dira eta argitarapen honetarako propio idatzi ditugu, Antzerkiola Imaginarioa sortu eta hamar urte pasa ostean. Aktoreak, musika, argiak, jantziak, eszenografia, atrezzoa, publikoa kendu eta geratzen diren antzerkiaren errautsak baino ez dira testuok. Hala ere, beste erraminta dramatiko guztiak bezala, bihotz-begiekin sortuak izan dira hitz hauek eta publikoaren esku geratzen da –publikoa irakurle-demiurgo bilakatuta– hitzoi bizitza emateko aukera. Irakurketarako lagungarria izan daitekeelakoan, hona hemen ohar txiki bat: zeharka baino ez ditu aurkituko irakurleak protagonista eta antagonistetan oinarrituriko konflikto dramatiko klasikoak. Pertsonaia bakoitzaren baitan kokatu izan ditugu beti borroka sutsuenak, norberaren burua delakoan gutariko bakoitzaren etsairik zitalena. Kasu gehienetan, testuotan Fausto eta Mefistofeles, Atarrabi eta Mikelats pertsonaia berdina dira.

"8 olivetti poetiko"

Antzerkiola Imaginarioaren estraineko lana, 1998an sortua. 8 Olivetti poetiko era puruan landuta dago, eta ez aurretik egindako eta bukatutako gidoi baten barruan, ideia batetik abiatuz baino: hondamendi-osteko Bilboaren estetika eta pertsonaia argikoak biltzea. 11 Aktore, 8 gidoilari eta 10 musikarik batera egin zuten lan eta elkarren arteko fluxuan mamitu zen obra honen gaztelaniazko bertsioa 1999ko maiatzean. Euskarazko testua sortzerakoan, ez zuten bestearen itzulpen bat egin nahi izan eta gidoilariek, pertsonaiekin daukaten eguneroko elkarbizitzan oinarrituta traje berriak egin zizkieten, pertsonaia bakoitza hil eta berpiztuz euskaraz pentsatzen hasterakoan eta ekintzarekiko basa-komedia osatuz.

"Mundopolski, erreboltaren ziaboga"

Poloniako komun batean, memoriaren zirrikituan gertatzen den drama. Erabat etsita, desilusionatuta bizi den Mundopolski pailazo trotskistak eta Mikak, haur iraultzaile alaiak, euren patuari aurre egiten diote umore eta itxaropen-ezaren arteko dialektikan.

"Yuri Sam. Otoitza"

Yuri Sam 2000 urteko neguan hil zen. Diagnosia: bihotz haustura eta zorotasuna. Hala ere, bere izpiritu shamanikoak kosmosetik bidaiatzeko aukera ematen dio, bizidun pribilegiatuak bisitatzeko aukera alegia. Yuri Samek fedea galdu zuen, baina mugaz bestaldeko bizitzen ebidentzien aurreran otoi egiten du kontraesanen artean. Kosmosean zehar bidaiatu ahal izan du, baita Euskal Herriko eta munduko hainbat lekuetara hurbildu ere, Argentina, Chicago, Nuevo Mexico, Egipto eta azkena Iran, betiere bizitzaren apologia egiten.

"Au revoir, triunfadoreak!"

Antzerkiola Imaginarioak taularatu duen formatu handiko azken muntaia da. Garai berrietako komedia tristea. Taula gainean sei aktore eta titiritero bat. Au Revoir Triunfadoreak bidai bat da. Helburua: Desenkatutik aldentzea.

Antzerkiola Imaginarioa

Antzerkiola Imaginarioa 1998an sortu zen Bilboko Mina Espazioan antzerki ikerketarako laborategi bezala. Antzerki lengoaia propio baten bila dabiltza geroztik, formula dramatiko jakinen ezarpenari uko eginez. Euren lengoaian parte hartzen duten elementu guztiek Antzerkiolaren imaginario kolektiboan dute jatorria. Antzerkiolak aldibereko lan prozesu batean gauzatzen ditu bere proposamen eskenikoak, dramatika eskeniko ezberdinak lan taldean gauzatuz, hala nola, musika, espazioa, argiztapena, testua, objektuak eta aktore-dantzarien lanak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun