Urtarrila eta iraila bitartean, 43 auto Getxo udalerriko kaleetatik kendu eta udal gordailura eraman dituzte, merkatal jardueraren gaineko Euskal Autonomi Erkidegoko legea urratzea egotzita. Ibilgailuak karrikan salgai jartzeagatik beste horrenbeste zigor espediente bideratu ditu tokiko erakundeak horien jabeen aurka. 2006an 44 izan ziren kaleetatik kendutako autoak arrazoi berberagatik, eta, azkenik, 24 laguni isuna jarri zieten, Keltse Eiguren Udalburutza zinegotziak emandako datuen arabera. Multak 1.502 euro artekoak izan, baina udalerrian ipini diren gehienak 300 bat eurokoak izan dira. “Getxoztar guztion eta gurera kanpotik datozenen onerako”, herriko kaleetan autoen salmenta galarazteko neurriak bultzatzen jarraitzeko borondatea aitortu du Eigurenek. Argazkian, Arriluzerako bidean salgai jarritako bi ibilgailu.