"Ideia berria" da, Arregik azaldu duenez, “Getxo Antzokia eta San Nikolas plazak lotzea plataforma bakarrarekin, elizara alde guztietatik maila beretik sartu ahal izateko, eta inguruetan oinezkoei lehentasuna ematea era berean”. Halaber, Andres Cortina kalea eta inguruetako bideak aztertuko dituzte, lanen eraginez zirkulazioaren noranzkoak aldatu egin beharko direlako. Aipatu kalean espaloiak nahiko handiak izango dira eta bide-zoruaren maila berean geratuko dira. Honekin guztiarekin batera, San Nikolas plaza azpian, parking-a egitea aztertzen ari da Udala, "diru aldetik bideragarria baldin bada", antzokikoek, "eta seguruenik ere auzotarrek beraiek ere erabiltzeko". Aparkalekua Getxo Antzokiaren behekaldearekin lotuta egongo litzateke eta, kultur ekipamendu hori hornitzeko, kamioien joan-etorriak lurpetik egingo lirateke, egungo azaleko zirkulazioa kentzeko.
Aste Santuan
Hirigintza zinegotziak aurreratu duenez Getxo Antzoki berria eta inguruan aurreikusitako lanak 2008ko Aste Santua aldera has litezke, San Nikolas plazatik bertatik, eta 4 urte iraungo omen dute. ”Asmoa da lehen lehenik azaleko lanak egin eta antzokiarekin hasi, eta saiatuko gara indusketa egiten den bitartean plaza erabili ahal izatea”, aipatu du Arregik. Proiektuak azken xehetasunak falta ditu eta horiexek, seguruenera ere, "lanengatik kaltetutako auzokideak egiten ari diren ekarpenek finkatuko dituzte", udal iturrien arabera. Ekarpenak azaroaren erdialdera arteko epea dute, zinegotzi getxoztarrak gogoratu duenez.