"Uribe Kostaren etorkizuna: berdintasun eta iraunkortasunerako lurraldea" eztabaida tailerra antolatu du azaroaren 9 eta 10erako Mankomunitateak. Ostiraleko jardunaldia 16:30etik 20:30era izango da eta larunbatekoa 10:00etatik 14:00etara, Urdulizko Emakumeen Etxean, lehengo kultur etxea zena (Eleizalde, z/g, elizaren eta Txozna tabernaren ondoan). "Badira jorratu beharreko hainbat gai: mugikortasuna, irisgarritasuna, gune publikoetako segurtasuna, lana eta norberaren zein familiaren bizimodua bateragarri egiteko ahalegina, umeak eta adinekoak zaintzeko ardura konpartitua, ekipamenduak, ingurumena... eta lurralde honetako herritarren eguneroko bizimoduari eragiten dioten beste gai batzuk", azaldu dute tokiko arduradunek. Oraingo honetan, tailerraren bidez, mankomunitateko emakumeen iritziak eta iradokizunak ezagutu nahi dituzte, gaia ikuspegi horretatik aztertzeko. Parte hartu ahal duten emakumeen kopurua mugatua da, eztabaida sakona ziurtatzeko, aurreratu dutenez. Argazkian, Getxo udalerriko jabekuntza eskolaren hastapenak 2004an, Algortako Urgull kaleko antzinako kultur aretoan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!