Azaroaren 25ean izango den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako aktibitateen barruan, urriaren 26an eta 27an emakumeentzako doako autodefentsa ikastaroa burutu zen Barrikan, udaletxean dagoen liburutegi zaharreko lokalean hain zuzen ere. Holako trebakuntza 19 urtez eman duen Maitena Monroy irakaslearen gidaritzapean, bi egun horietan zehar, agresioen aurrean emakumeek ditugun baliapideak zeintzuk diren ikasi zuten adin desberdinetako 14 parte-hartzailek. "Alde fisikoaz aparte (teknika fisikoak ezagutzeko) alde teoriko interesgarria ere izan zuen tailer honek: inguruan gertatzen diren agresioak zeintzuk diren ikusteko, agresio mota desberdinak sailkatzeko, aztertzeko eta ekiditeko bideak jorratzeko", adierazi dute udal iturrek. Tailerrean egondako andreen balorazioa guztiz positiboa izan denez, datorren urteari begira ikastaroa errepikatzea aztertzen ari dira.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!