Ostegun honetan, azaroak 8, herri batzarra egingo da Algortan, urriaren 17an Uribe Kosta eskualdean izandako atxiloketen inguruan. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean izango da, Villamonteko kultur etxean. Bertan, atxilotuen abokatua, lagunak eta familiarrak izango dira eta, besteak beste, "atxiloketen gaineko informazioa, atxilotuen egoera eta aurrera begira zer egin daitekeen aztertuko da batzarrean", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zehaztu duenez. Bitartean, Soto del Realgo (Madril) espetxean preso jarraitzen dute Lander Labajo, Aner Mimenza, Mikel de Gregorio "Degre" (ezkerretik eskuinera, argazkiaren goikaldean), Josu Rodriguez "Nekora", Txomin Geruzaga eta Joseba Elorriaga "Peski" (behean). Azkenik, Labajok eta Mimenzak idatzitako gutuna plazaratu du Etengabek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!