Euskal gazte taldeak plazaratutako oharra:
Zapatero, Ibarretxe eta Sarkozy gazteon kriminalizazioaren erantzule! Ez gara kikilduko!
Euskal Herriaren eskubide politikoak eskuratzeko abiaturiko negoziazio politikoak amaitu ondoko testuinguru politiko honetan PSOEk, PNVk eta UMPk Euskal Herria eta ezker abertzalea ahultzeko adosturiko gerra estrategiari ekin diote. Ezker abertzaleak negoziaketa politikoetan eginiko eskaintzari publikoki ezetz esatea asumitu ezina zaienez, autonomiaren proposamen politikoa jendarteratua izan ez dadin Jendarme, Guardia Zibil, Zipayo eta Espainiako Polizia Nazionalaren bidez proposamena indargabetu eta Euskal Herriari berriro ere iruzur egin asmo diote.
Udal eta foru hauteskundeetako apartheid egoerak, manifestazio eta ekitaldi publikoak legez kanporatzeko erabakiak, Batasuneko mahai nazionaleko kideak espetxeratu izanak... gerra estrategiaren testia berresten duten adibide batzuk baino ez dira.
Haien kalkuluetan errepresioaren bidez, ezker abertzalea eztabaida politikotik marjinatu eta desagerraraztea lortuko dutelakoan baitabiltza.
Honen bestez, gaur, aste honetako Donostiako polizia operazioa salatzeaz gain, ikasturte hasieran Gasteizen, duela hilabete eta erdi Baxe Nafarroan eta duela bi aste Bizkaiko Uribe kosta eskualdean izandako atxiloketak, gerra estrategia berari erantzuten diotela azpimarratu nahi dugu. Atxiloketa hauek ez baitira gertaera isolatuak izan. Funtsean, herri honen eskubideen defentsan antolatu eta borrokatzen den gazte ororen aurka jotzeko xedea gordetzen dute. Gure herriaren oraina eta etorkizuna garen gazteok ikaratzea, desaktibatzea eta sutraitik moztea dute helburu.
Baina ez dute lortuko. Euskal Herrian dugun guztia borrokaren bidez lortu dugu, inork ez digu ezer eman. Nola lortu genuen urriaren 12an falangistak Donostiara ez sartzea? Inor borrokaren balioaren jabe bada, hori euskal herritarrak eta euskal gazteria gara.
Honen bstez, gerrara kondenatu gaituzuen honetan; atxilotu, torturatu eta espetxeratu ahalko gaituzue, baina Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatu ezean borrokak ez du atsedenik izango. Euskal Herriarekiko dugun konpromisoa ezin baita giltzaperatu.
Testuinguru honen aurrean, begiak zabalik eta entzumen guztiak erne izateko garaia da. Datozen hilabeteotan, gazteon aurkako errepresioa areagotu egingo baita. Ibarretxe, Zapatero eta Sarkozyren aginduz, kolore guztietako txakurrekin kalean, etxeetan zein polizia-etxeetan borrokatzera kondenatuko baikaituzte.
Antolakuntzaz eta borrokaz lortuko dugu!
Jo ta ke irabazi arte!