Pasa den urriaren 17an atxilotutako Txomin Gezuraga preso algortarra ostiralean eraman zuten Navalcarneroko espetxera, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez jakinarazi duenez. Izan ere, pasa den larunbatean senideak Soto del Realera joan zitzaizkion bisitan Gezuragari, baina dagoeneko Txomin ez zegoen bertan eta Navalcarnerora aurreko egunean eraman zutela esan zioten familiari. Alabaina, igandean berarekin egon ahal izan zuten senideek. Presoak familiari esandakoaren arabera, trasladoan jarrera zuzena izan zen eta egun beste hiru euskal preso politikoekin batera dago Navalcarneroko moduluan. Urriaren 17ko sarekadaren beste bost lagunek Soto del Realen jarraitzen dute oraingoz: Mikel de Gregorio "Degre" eta Joseba Elorriaga "Peski" 3. moduluan, Lander Labajo eta Aner Mimenza 8. moduluan, eta Josu Rodriguez "Nekora" erizaindegian. Argazkian, sei presoak, tartean beheko lerroaren erdian, Txomin Geruzaga.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!