Simon Otxandategi dantza talde berangoztarrak sano ospatuko du larunbat honetan, hilak 10, pasa den uztailean Polonian bereganatu zuen urrezko saria. Izan ere, Krakovia inguruko Zywiec herriko Beskidien Kultur Astean jasotako sari nagusiaren aitzakiapean, dantza taldekoek jaialdia egingo dute arratsaldeko 19:30ean abiatuta. Ordu horretan, Berangoko frontoiak hartuko ditu Krakovia aldean erabilitako lau errepertorioen dantza batzuk. Polonian, besteak beste, dantza bizkaitarrak, gipuzkoarrak, zuberotarrak, nafarrak edo "erromerian" eta "Euskal Herri polita gora" bezalako Zuberoako abesbatza-abesti tradizionalak ezagutarazi zituen Simon Otxandategi taldeak. Dantza alardearen ostean, herri afaria egingo dute dantzariek eta azken horiek Polonian zehar jarraitu zituzten Berangoko auzotarrek. Hurrengo egunean, berriz, Erakusketa Mikologikoaren XVI. edizioa antolatuko du, leku berean, Gorosti Naturazale Elkarteak. Gainera, pintxo jana ere eskainiko dute. Argazkian, Simon Otxandategiko hainbat lagun Zuberoako Maskarada abesten.