Sei urte beteko dira bihar, asteazkena, ETAk Jose Maria Lidon Bizkaiko Auzitegiko Bigarren Aretoko magistratua Algortako bere etxeko garajean hil zuenetik. Hori dela eta, Jose Maria Lidonen aldeko kontzentrazioa antolatu du biharko Deustuko Unibertsitateko Bakearen Aldeko Koordinakundeak. Omenaldia, goizeko hamaiketan hasiko da, Deustuko Unibertsitateko Eskola Komertzialaren aurrean eta hamar minutuko iraupena izango du. Lidonen hilketan lagundu zutelakoan, Orkatz Gallastegi berangoztarra zigortu zuten nahiz eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hainbatetan salatu frogak eta epaiketak "muntaia" zirela, Estatuak "norbait" zigortu bide zuelako: "Orkatz hasieratik zegoen kondenatuta. Horretarako atxilotu zuten. Lidon ustez hil zutenak hilak ziren, eta errudun zuzenen bat behar zuten, bide batez, Lidonen familiarrek kasu hauetan errudunei aplikatzen zaien 'erantzukizun zibila' jasotzeko. Eta Orkatz kandidato ona zen Ertzaintzarentzat, Eusko Jaurlariarentzat. Eta hor dago, espetxean, Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako auzitegiek, Espainiako Gobernuak, dirua legezko itxurak eginez kobratu beharrak, 'El Correo'k eta bestek kondenatuta". Urtzi Murueta leioaztarra ere auziperatuta dago kasu horregatik.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!