Koska irratiaren eskutik, Rafael Amor poeta eta musikari argentinar famatua Itzubaltzeta / Romoko gaztetxeko oholtzan arituko da larunbatean, azaroak 10, Salvador Amor bere semea eta Moby Dick-ekin batera. Rafael Amor eskarmentu, umore eta ironia handiko abeslaria da, alderdirik gabeko baina gizakiz beteriko ezkerreko ikuspegitik ozen eta goxo abesten duenetarikoa. Iaz ere Itzubaltzeta gaztetxean birritan jo zuen Amorrek, tartean gaztetxe horren bigarren urteurrena zela eta eskaini zuen debaldeko eta bat-bateko kontzertu goxoa. Larunbatean, kontzertua 21:00etan hasiko da, eta sarrera 5 eurotan eskuratu ahal izango da gaztetxean bertan. Dena den, bihar, asteazkena, ere Amor entzuteko parada izango da, musikariak zuzeneko saio akustikoa egingo baitu Koska irratiaren "Resumen Latinoamericano" saioan, arratsaldeko 8etatik 10etaraino. Programan zehar, Rafael Amorren abestiak eta hitzak izango dira nagusi eta gaztetxean joko duen kontzertua ere hizpide izango dute. Zuzenean saioan parte hartu nahi duenak 944 913 994 telefonora deitzea baino ez du egin behar izango.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!