Jai batzordeei festak antolatzeko autonomia kendu nahi die Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 6a, 23:30

"Parte-hartze gutxi duten edota politizatuta dauden jaiak" direlakoan, "alkohola eta drogen apologia" sustatzen dituztelakoan edota "asko hobetu daitezkeela" iritzita, Getxo udalerriko jaiak antolatzeko era sustraitik aldatu nahi dute popularrek. Udalerrian burutzen diren herri eta auzoko dozena bat jai aurrera eramateko udal batzorde bat antolatu dadin aldarrikatu dute Marisa Arrue eta Jesus Toca Toña Getxoko PPren zinegotziek, gaur goizean Areetan emandako prentsaurrekoan. Horrela, jai batzorde herrikoiek jaiak antolatu beharrean, udal batzorde misto horrek egingo luke, politikarien, ostalarien, dendarien, jai batzordeko kideen eta "jaiak bultzatu nahi dituzten bestelako eragileen elkarlanaz". Batzorde berri hori Bilboko Aste Nagusia prestatzen duen Jai Batzordearen antzekoa litzateke, Arrueren esanetan. Proposamena aurrera ateratzeko asmoz, PPk bi testu prestatzen dihardu hilabete honetako Kultur Batzordeari begira, jaietako batzorde horren proposamena eta Getxoko Udaleko Jaietarako Ordenantza, "Getxok merezi dituen jaiak egiteko". Gainera, kalean litroak edaten dituztenen aurkako proposamena idaztiko du getxoko PPk.

Espainiako Armada bai, jai batzorde herrikoiak ez

Proposamena abiatzeko PPk erabili duen gaia pasa diren Areetako jaien kartela izan da. Bertan, pare bat pertsona ageri dira basoak eskuan eta beste pare bat eskuz egindako zigarro bat dutela, haietako bat marihuana landarea duen elastikoa jantzita. Jai horietan hainbat neska-mutil mozkor egoteagatik artatu egin behar izan zituzten eta kalte batzuk sortu ziren inguruko denda batzuetan. Hori dela eta, iraileko Getxoko Udalbatzan Jesus Toca Toña zinegotziak udalerriko jai guztietan udaltzain gehiago egotea eskatu zuen, baina argi utzi zuen bere iritzia haratago zihoala: "Udalari eskatzen diot Udaltzaingoa egon dadila, baina Ertzaintza badago, hobeto, eta Guardia Zibila badago hobeto oraindik, eta Armada bada, hainbat hobeto". Horren ondorioz, eta PSE-EE eta PPren botoekin Udalbatzak jaietan polizia gehiago jartzeko adierazpen politikoa onartu zuen.

Litroak kalean

Udal Gobernuak alkohola eta beste droga batzuk gazteentzat dituzten arriskuak aurreikusteko proiektu bat kaleratu zuen handik gutxira, eta hainbat udal arlotan drogomenpekotasunaren aurkako programak eramaten dira aurrera, baina, antza, ez da nahikoa izan popularrentzat eta gazteek "bizi duten alkoholaren kontsumo arazo larria" dela eta, kalean litroak edateari buruzko ordenantza aurkeztuko dute hemendik gutxira. Ordenantza horrek, besteak beste, honako alderdiak hartuko ditu: alkoholaren salmentan kontrol gehiago, kontrol gehiago ere litroak edateko erabili ohi diren zonaldeetan eta informazio eta kontzientziazio kanpainak zein ondo pasatzeko bestelako erak ezagutaraziko dituztenak.

Gaur, gainera, Areetako Mesedeetako Amaren jaietako jai batzordeak kaleratutako kartela hainbat erantzukizun eskatzeko erabili du Arruek. Alde batetik jai batzorde berari, "Getxoren irudia" kaltetzeagatik, eta hortik atera du jai batzorde herrikoiei eskumenak kentzeko plangintza legitimatzeko diskurtsoa, eta, beste aldetik, Koldo Iturbe Kultur zinegotziari, "alkohola eta drogen apologia" baimentzeagatik, kartelak ageri duen udal logotipoa onartu izanagatik. Alabaina, jaietarako udal batzorde mistoa aipatzean besteak beste San Inazioetako barrakak berreskuratzeko baliogarria izango zela esan du Marisa Arrue, Koldo Iturbek berak orain dela hiru hilabete Udal Gobernuak barrakak berreskuratzeko asmoa duela iragarri bazuen ere.

Dena den, ez da lehenengo aldia PPk proposatzen duela jaiak zuzenean udaletxean antolatzea, nahiz eta inoiz ez duen orain bezala, horretaz arduratuko zen erakundeari buruzko argibiderik eman.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun