Logela Multimedia eta Gose taldeen ikuskizuna ekarriko du Itzubaltzetara Udagoieneko Osterak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 7a, 17:51

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzaz, Udagoieneko Ostera kultur zirkuituaren zortzigarren edizioa jarri du abian. Guztira, zortzi emanaldik osatuko dute, eta haietako bakoitza Bizkaiko herri batean izango da. Bermeo, Santurtzi, Bilbo, Zalla, Ondarroa, Arrigorriaga, Durango eta Getxo udalerriak bisitatuko ditu Udagoieneko Osteraren zortzigarren edizioak, azaroaren 9an hasi eta abenduaren 1era bitartean. Hain zuzen, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugeniako karpapean izango da azken saioa: Logela eta Gose taldeek ikuskizun multimedia eta musika eskainiko dute, 20:00etatik aurrera; “Mokaua” eta “Gose” diskoak plazaratuz, hurrenez hurren. Bestalde, Xabi eta Fredi Paya bertsolari algortarrek etziko "Bertsotramarraskya" izeneko ikuskizunean parte hartuko dute, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan, 21:00etatik aurrera. Xabi Paya Bizkaiko bertsolari txapeldunak eginiko traman oinarrituta, Onintza Enbeita, Etxaun Lekue, Oihana Bartra eta Fredi Paia bertsolariek eta Patxi Gallego komikilariak batera jardungo dute saioan. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Gorka Martinez (BBK Fundazioa), Belen Greaves Bizkaiko Kultura diputatua eta Manuel Moreno Topagunearen Kulturgintza teknikaria goizeko prentsaurrekoan.

Manuel Moreno Topagunearen Kulturgintza saileko teknikariak azaldu duenez, “oso herri ezberdinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimen honekin erakutsi nahi dugu guztietan egin daitekeela euskarazko kultur eskaintza erakargarria”. Euskarazkoa eta erakargarria, horiexek dira Udagoieneko Osteraren ezaugarri bi, baina beste batzuk ere baditu: antolatzaileek azaldu dutenez, formatu handiko ikuskizunek osatzen dute beti programazioa, eta kalitateari ere bereziki erreparatzen zaio. “Formatu eta kalitate handiko ikuskizunak eskaintzea da helburua, gainera kultur adierazpide ezberdinak uztartuz”, azaldu du Morenok.

Azken finean, Belen Greaves Bizkaiko Kultura diputatuak azaldu duenez, “zirkuituaren helburua aisialdia euskaraz gozatzeko aukera ematea da, hala bizkaitarrei nola kanpotik etor daitezkeen bisitariei”. Horretarako, eskaintza ahalik eta zabal eta askotarikoena egiten saiatzen dira antolatzaileak. Artistentzat ere aukera ona da Udagoieneko Ostera haien lanak erakusteko. Guztira, hamaika musika eta antzerki talde jarriko ditu dantzan kultur zirkuituak, 50 artista baino gehiago: Xabi eta Fredi Paya, Etxaun Lekue, Uxue Alberdi, Oihana Bartra bertsolariak Patxi Gallego marrazkilariarekin batera; Kanpingags antzerki taldea; Anestesia eta Ost musika taldeak; Pantxoa eta Peio; Ander Lipus; Gu ta Gutarrak; Gari eta Txuma Murugarren; Logela multimedia eta Gose izango dira Udagoieneko Osterak azaroaren 9tik abenduaren 1era bitartean eskainiko dituen emanaldietan parte hartuko duten artistak.

"Mokaua"

"Mokaua" Logela Multimediaren azken ikuskizuna da. Bertan, Logela Multimediak kaleratu duen CD-DVD-ko edukinak taularatzen dira; abangoardiko irudiak eta musika. Hiru musikarik abestiak jotzen dituzten bitartean bideo jockey batek irudiak nahasten ditu zuzenean, musikari dimentsio berri bat emanez. "Mokaua" ikuskizun multimediaren ezaugarri nagusiena interakzioa da; musikariak pantaila erraldoi garden bateko irudietan integratzen dira, eta musika, irudiak eta mugimenduak zuzenean sinkronizatzen dira. Ez da kontzertu soil bat, 11 abesti eta 5 esketx umoretsu biltzen dituen ikuskizun multimedia koloretsua da.

"Gose"

"Gose” izenburuko diskoa, "Eutsi!" filmako kantu nagusia, Carlinhos Brown kantariaren teloneroa, hainbat kontzertu estatu osoan zehar eta beste hainbat gauza txiki da Gose. Elektro-jazza, tangoa, sehaska kantua, afro-braziliar perkusioak panderoarekin batuta batukada eginez, technoa, punka eta hard corea, arin-arina; baina ororen gainetik trikiaren mundua eta sekuentzia elektronikoen energia ahots goxo eta liluragarri batek lagunduta. Gose taldeak euskal trikiaren kultura irauli egiten du. Testuak lizunak dira, askatasun osoz esandako esaldiak, eta aginduan dagoen botere kulturalak horri pornoa deitzen badio, pornoa izango da, bada.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun