Atxiloketen gaineko herri batzarra dugu iluntzean. Zer eragin izango duela uste duzu?
Arratsaldeko herri batzarra oso garrantzitsua izango da atxiloketen gora beheren berri izateko. Funtsezkoa deritzot jendeari atxilotua izateak zer suposatzen duen eta atxilotuek zein familiarrek nola bizi duten jakinaraztea. Tamalez, hamaika aldiz entzun behar izan ditugu testigantza horiek, baina nik beti uste izan dut atxiloketa bakoitza ezberdina dela; finean, pertsona bakoitza mundu bat delako. Norberarengan ez ezik, bakoitzaren senideengan ere eragin berezia izaten du atxiloketak. Bestalde, entzun behar izaten ditugun "zeozer egingo zuten..." edota "normala da horrelakorik gertatzea" bezalako aitzakia merkeak bazterrean utzi eta, behingoz, beste alde batera begiratzeari uztea eskatu behar zaio jendeari. Horretarako ere balio izango du herri batzarrak. Izan ere, egoera honi behin betiko amaiera ematea premiazkoa da, guztion artean gainera: alde batekoak zein bestekoak. Kosta ala kosta.
Egunotan herritarrek egindako salaketa zelan ikusten duzu?
Espainiako epaileek izandako beste hainbat jokaeren aurrean bezala, aste hauetan emandako erantzuna apartekoa izan da eta, arratsaldean ere, egoerak eskatzen duen mailan izango da jendea. Horrela espero dut behintzat. Izan ere, jendartea edo, gutxienez, ezker abertzalea akitzea eta gatazka politikoak irtenbiderik ez duela pentsaraztea dute helburu kolpatze eta atxiloketek. Horregatik, funtsezkoa deritzot informatuta egotea, eta are garrantzitsuago, informazio hori lagunartean, lanean... ahoz aho zabaltzea. "Betiko kontuarekin datoz hauek" pentsatuko du batek baino gehiagok. Bai, betiko kontua agian, baina oso garrantzitsua: pausuz pausu joatea, alegia. Izan ere, egunerokoan, kalean, lanera joanda... jakiten dute askok hurbileko edo ezagunen bat atxilotu dutela. Baina hainbat gauzari ez diote erreparatzen: atxilotuari zer gertatzen ari zaion edo zer egiten ari zaizkion, inkomunikatuta egotea zer den... Adibide bat jarrita, 'teknika' berria darabil Baltasar Garzon epaileak: familiak edo atxilotuak berak izendatutako konfidantzazko mediku batek artatu zaitzakeela dioen hori, hain zuzen ere. Guztiz faltsua!
Uribe Kosta eskualdea, Donostia... Polizia operazioak nonahi ari dira egiten
Bizi dugun gatazka politikoa gogorra da berez, baina are latzagoa egiten du Espainiako politikariek neurria ez emateak. Ipar Irlandan, konponbidea bilatu behar zutela sartu zitzaien buruan, azkenean, muturreko protestanteei: katolikoekin mahai baten inguruan eseri eta hitz egiten hasi ziren. Espainiako eskuineko edo, eurek orain esaten duten moduan, zentroko alderdiek eduki behar dena ez dute herritarron benetako arazoa dena konpontzeko. Gatazka politikoa konpondu beharrean, bata bestearen atzetik kargua uzten joatea beste etorkizunik ez dute.
Atxiloketa gehiago egongo al dira?
Komisarian nengoela argi eta garbi esan zidan polizietako batek: "oraingoan zazpigarrena izan zara, baina zuk lasai, martxoa bitartean 150 edo 160 izango zarete guztira. Pentsa, oraindik, erortzeke zenbat dauden". Argi dago. Ezker abertzalea zokoratu eta kikiltzeko asmoz, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta PSOEk antolatu duten kanpaina berriaren hasiera baino ez da oraingokoa. Hauteskundeei begira gogor eta sendo agertu nahi dira espainiar jendartearen aurrean. Hala ere, martxotik aurrera jai izango dute. Bi, hiru edo lau urtetan amaituta egon behar du honek. Euskal herritarrok ezin dugu etorkizuna euren eskuetan utzi. Ezin dugu onartu atxiloketak gertatzea hemen (Algortari buruz), Berangon, Donostian edo beste lekuren batean; ezta alderdi politikoren bat edo besteko zinegotziek bizkartzaina eraman behar izatea ere.
Zein da konponbidea orduan?
Ezker abertzaleak proposamen demokratikoa du aspaldi mahai gainean. Eta hori aurrera atera behar dugu. Ezin dugu utzi hurrengo urteetan ere neska-mutilek zein gazte ez direnek errepresioa edo bestelako sufrimenduak pairatu behar izatea. Eta berdin da pertsona horiek alde batekoak zein bestekoak izan.
OHARRA: Honako hau Zigor Goikoetxeari egindako elkarrizketaren atal bat besterik ez da. Bigarren zatia ostiralean zehar izango duzue.