Erromeria antolatu du biharko Sopelako Aitxu! euskara taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 8a, 18:59

Euskararen Astea izenburupean hainbat ekitaldi prestatu ditu azarorako Sopelako Udalak. "Euskara sustatzeko" asmoz, hilaren 26an hasi eta abenduaren 2ra arte luzatuko dira jardunaldiak. Alabaina, horiei ekin baino lehen, egongo da zertaz gozatu herrian. Besteak beste, Aitxu! euskara taldeak erromeria antolatu du biharko (azaroak 9). Dantzaldia 19:00etatik aurrera izango da Larrabasterrako Urgitxeta plazan. Euskaren Asteko ekintzekin jarraituz, hilaren 26tik 28ra bitartean, Euskarazako Produktuen Txokoa jarriko dute udaletxeko erakusketa aretoan, ordutegia 17:00etatik 21:00etara izango da. Hilaren 29an, berriz, “Euskal Herria bizikletaz: nire lehen bidaia” hitzaldia eskainiko da Hall Kulturalean 19:30ean. Euskaraz izango da, noski. Argazkian, azaroaren 30eko Ander Deuna eguna ere Euskara Astearen barruan ospatuko dute / Sopelana.net

Ander Deuna eguneko ospakizunak goizeko 11etan hasiko dira, kalejira batekin. Barinatxe txistu taldeak udaletxetik baselizara arteko kaleak zeharkatuko ditu, jai egunaren berri emateko asmoz. Eguerdiko 12etan, berriz, meza nagusia izango da, Ander Deuna baselizan. Meza amaitzean ohorezko aurreskua eskaini eta, ondoren, erromeria egongo da, jateko eta edatekoarekin. Azkenik, gauerako, triki-bertso-txikiteoa antolatu dute, 20:00etatik aurrera. Baselizara joan nahi duenak autobus zerbitzua ere izango du, udaletxeko plazatik irtenda, 11:00etatik 15:00etara bitartean. Azkeneko urtetan dohainik izan da gainera.

Abendua gazteentzat

Abendua gazteentzako ekintzekin hasiko da. Horrela hilaren 1ean, tailerrak, puzgarriak eta karaokea egongo da udal frontoian, goiz eta arratsaldez, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Azkenik, Euskararen Astea abenduaren 2an amaituko da Munarrikolanda mendi taldeak eta Aitxu! euskara taldeak antolatutako mendi martxarekin, herriko txokoak eta inguruak ezagutzeko. Goizeko 9etatik 9:30era bitartean udaletxeko plazan hasita. Gainera 11:00etatik aurrera jolas eta jostailuen tailer eta erakusketa egongo dira frontoian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun