UKBERRI.NET 2003ko azaroaren 8an jaio zen, Estatu Espainiarreko Gobernuak eta Juan del Olmo epaileak 2003ko otsailaren 20an itxitako "Euskaldunon Egunkaria"ren "Bizkaia" gehigarriak Uribe Kostan utzitako hutsunea betetzeko saiakera gisa. Data horretatik 2007ko urriaren 30era arte, webguneak 227.112 bisita jaso ditu eta 1.838.703 orri eskaini die 67.425 internautari. Era berean, webgunean 6.274 albiste eta iritzi argitaratu dira 48 hilabete horietan.
Markak hautsiz
Urrian izan ditu bere historia laburraren daturik onenak agerkari euskaldunak. Besteak beste, eskualdean egindako azken sarekadaren segimendu informatiboak, horren aurkako mobilizazioen etengabeko jarraipenak edota gazte martxa eta Indabada Herrikoia bezalako ekimenen albisteek inoiz baino internauta gehiago hurbildu dituzte gurera. Gauzak horrela, urrian bi marka apurtu dituzte Uribe Kostako eta beste lekuetako 4.668 internauta euskaldunek webgune honetara egindako 11.776 bisitei esker. Orain arteko daturik hoberenak aurtengo maiatzekoak ziren, hurrenez hurren 3.830 irakurle ezberdin eta 10.154 bisitekin. Gainera, urria izan da orri gehien erakutsi duen hilabetea, 86.176rekin, aurreko hilabetea baino 13.500 gehiago. Bestalde, UKBERRI.NETek bisita gehien jaso duen eguna 2006ko martxoaren 7a da oraingoz. Egun horretan, 747 pertsonek jarraitu zuten Algortako Mentxakabarri gaztetxearen desalojoa webgune honetan.