Uribe Kosta, Erandio eta kanpoko internauten konfiantzari esker, atzo UKBERRI.NETek bere laugarren urteurrena ospatzeaz gain, inoiz gune honetan sartu diren internauta kopuru handien batu zuen. Izan ere, 773 irakurlek jarraitu zituzten eguneko albisteak eta, batez ere, Zigor Goikoetxea "Gorrion" gazte getxoztarrari egindako
elkarrizketaren lehenengo zatia. Gainera, jende kopuru handia metatzean, zerbitzaria erori zen eta internauta batzuek ordu erdi baino gehiago itxaron behar izan zuten albisteak irakurtzeko. Goikoetxeari egindako elkarrizketak eragin handia sortu zuen hainbat gune digitaletan baina bereziki
Etengaben,
zabaldu.com-en eta baita Uribe Kostako hainbat koadrilen argazki bitakoretan ere. Bestalde, atzo irakurritako orri kopurua 5.476koa izan zen, aurtengo ekainaren 20ko marka gainditu gabe. Egun horretan internautek, beste albisteen artean, Aintzane Garairen auziagatik Mikel Hermanen defentsak jarritako errekurtsoa eta "El Correo Español"ek zabaldutako Udondo gaztetxea husteko eskaera jarraitu zituzten 11.803 orri kontsultatuz. Orain arte, UKBERRI.NETek bisita gehien jaso zuen eguna 2006ko martxoaren 7a zen. Egun horretan, 747 pertsonek jarraitu zuten Algortako Mentxakabarri gaztetxearen desalojoa (argazkian) webgune honetan.