Getxo udalerriko guraso eta umeen artean euskara bultzatzeko hainbat ekimen prestatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 9a, 20:43

Sendi Getxo udalerriko familietan euskara sustatzeko proiektuak makina bat hitzaldi, tailer eta bestelako ekintzak prestatu ditu azaro honetarako. Hasteko, astelehenean, azaroak 12, gurasoentzako "Nola lagundu nire seme-alabei euskaraz bizi daitezen?" hitzaldia izango da Zabala eskolan, 18:30ak eta 19:30ak bitartean. Bertan, Julio Ibarra Metro Bilboko komunikazio arduraduna eta kazetari ezagunak eta Iñaki Eizmendi gizarte hezitzaileak hainbat gai garrantzitsuri buruz egingo dute berba: haurrek hizkuntzak nola ikasten dituzten, eskolaren garrantzia eta mugak, familiaren garrantzia, eskola eta familiaz kanpoko esparruen inportantzia eta guraso baten esperientziaren aurkezpena. Egizu elkarteak zabaldu duenez, "saio pedagogiko eta dinamikoa" izango da, "guraso eta hezitzaile guztiontzat ezinbestekoa". Hurrengo egunean, asteartea, hilak 13, baina ordu berean guraso erdaldunentzako egokipena egingo dute Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kultur etxean, "No sabemos euskara... ¿como podemos ayudar a nuestras hijas?" hitzaldiaren bitartez. Kasu bietan doako begirale zerbitzua eskainiko da bost urtetik beherako umeak zaintzeko, aurretik 685 732 963 telefonoan edo sendigetxo[abildua]yahoo.com posta elektronikoan abisatuz gero. Argazkian, gurasoak eta umeak dantzan Sendik antolatutako ikastaro batean.

Santutxun jaio eta egun Sopelan bizi den Julio Ibarrak seme-alabek euskaraz ahalik eta gehien egin dezaten nahi duen guraso gisa hitz egingo du, horretarako egiten dituen ahaleginak azalduz. Gainera, baliogarriak izan daitezkeelakoan, beste gurasoei azalduko dizkie berak orain arte egoera ezberdinetan erabili dituen jokatzeko moduak. Iñaki Eizmendik, berriz, elebitasunaren inguruan eta euskara sustatzeko egitasmoetan eskarmentu handia duen hezitzailearen paperetik hitz egingo du. Besteak beste, seme-alaba elebidunei eguneroko harremanetan euskararen aldeko hautua egiten laguntzeko ideiak eta baliabideak emango ditu.

Bestalde, Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak Getxoko Udal Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin aurrera eramaten duen Sendi proiektuak honako beste bost ekimeakn prestatu ditu azarorako:

Dantza ikastaroa

Gurasoek eta bost urtetik gorako umeek elkarrekin egiteko ikastaroa da eta bertan erraz egiteko euskal dantzak ikasiko dituzte, Algortako Zabala ikastetxeko gimnasioan, Getxoko Itxas Argia dantza taldeko kideek erakutsita. Antolatzaileen arabera, "gorputza astintzeko eta ondo pasatzeko" aproposa. Azaroaren 16an, 23an eta 30ean egingo da, hots, ostiraletan, 17:00ak eta 18:15ak bitartean. Bitartean, anai-arreba txikientzako begirale zerbitzua jarriko dute. Izena emateko epemuga azaroaren 14an, asteazkena, jarri dute eta matrikulak familia bakoitzeko 10 euro kostatzen du.

Asteburu pasa Zestoan

Familia giroan eta herri euskaldunean bi egun emango dituzte euskaraz bizitzen Sastarrain baserri eskolan. Parte hartzeko, umeak bost urtetik gorakoak eta euskaldunak izan beharko dira eta gurasoek euskaltegiko 1B maila izan beharko dute gutxienez. Sastarrainen tailerrez, irteerez, kirolez eta lasaitasunez gozatzeko aukera izango dute giro paregabean. Irteera azaroaren 17an eta 18an egiteko, Izena emateko epemuga azaroaren 14an, asteazkena, jarri dute. Autobusa, egonaldia pentsio osoan eta tailerrengatik 35 euro ordaindu beharko da.

Gozogintza tailerra

Sukaldari gazte batek postre gozoa eta erreza prestatzen irakatsiko die guraso eta umeei. Parte hartzeko umeak bost urtetik gorakoak eta euskaldunak izan beharko dira eta gurasoek euskaltegiko 1B maila izan beharko dute gutxienez. Tailerra azaroaren 21ean, asteazkena, egingo dute, 18:00ak eta 19:00ak bitartean, Algortako Sarrikobaso kaleko 3. zenbakiko Bidebitarte txokoan. Bitartean, anai-arreba txikientzako begirale zerbitzua jarriko dute. Tailerra doako da baina azaroaren 16a baino lehen eman beharko da izena.

Soinu tailerra

Nagusi eta umeentzako tailer honetan berba, soinua eta musika erabiliko dituzte, soinu tresnak egin, jo "eta ederto pasatuko dugu!", Sendiren kideen arabera. Parte hartzeko umeak bost urtetik gorakoak eta euskaldunak izan beharko dira eta gurasoek euskaltegiko 1B maila izan beharko dute gutxienez. Tailerra azaroaren 24an, larunbata, egingo dute, 11:00ak eta 12:30ak bitartean, Areetako kultur etxean, Mesedetako Ama etorbideko 13. zenbakian. Bitartean, anai-arreba txikientzako begirale zerbitzua jarriko dute. Tailerra doako da baina azaroaren 22a baino lehen eman beharko da izena.

Euskal kanten tailerra

Xirula-Mirula elkarteko kideek gidatuta, euskal kantak eta jolasak ikasi eta aurrera eramango dituzte gurasoek eta umeek guztien artean, elkarrekin, Umeen adinaren arabera bi saio egingo dituzte. Parte hartzeko gurasoek euskaltegiko 1B maila izan beharko dute gutxienez. Hiru eta bost urte bitarteko umeentzako tailerra azaroaren 23an, ostirala, 17:00etatik 18:30era egingo dute. Sei eta zortzi urte bitartekoentzat, berriz, abenduaren 1ean, goizeko 11etatik 12:30era.

Nora jo

Izena emateko zein informazioa jasotzeko 685 732 963 telefonora edo sendigetxo[abildua]yahoo.com posta elektronikora idatz daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun